GARA > Idatzia > Kultura

Jarreraz umil, soinuz gozo

Goio URIARTE

Victoria Eugenia antzokitik kopetilun atera eta gero, ondoko kafetegiko mahaia estaltzen zuen itzalkinaren azpian jarri ginen portatila euritik aldendu nahian. Bertan, atzo egunkari honetan atera zen kronikatxoa egiten genbiltzala, zerurantz begiratu eta zerua lainotuta ikusita, Ron Carter handiaren Donostia Sariaren jasotzea itsustuko zuelakoan tristatu egin ginen. Hala ere, baikor izanik, beti ere egoera ezberdinen alde onena ikusi nahian, Donostiako Jazzaldira askotan bertaratutakoak ondo ezagutzen duten irudi batek irribarrea eragin zigun: Trinitateko ikusleria zira eta plastikoko kapusaiekin estalita irudikatzean, bakoitza kondoi baten barnean egongo bagina bezala, plastikoz irudikatutako Turkiako Kapadoziako Love (Penis) Valey bizidun horren parte izanik, Trinitateko euri azpian pasa ditugun saio ederrak gogora ekarri zizkigutelako. Alaitsu, kronika bidali eta gero, plazara sartu eta usteak bete ziren. Hala ere, Jainkoari esker, eta ez naiz Coltrane kuttunaz ari, atertu zuen. Sesio bikoitzeko lehen gonbidatua New Orleanseko Christian Scott tronpeta-jotzaile gaztearen taldea izan genuen. Jazzlari gazteen artean aitzindari, bere azken diskoa oinarri zuela, ideia berriz jositako kontzertua eskaini zigun. Taldeak ausarki jazz popa, funkia, rocka eta beste musika erekin uztartzeko erabaki arriskutsuari ekin zion, eta benetan emaitza oso ona eta berria eskaini zutela azpimarratu beharra dago. Ibilbide luze oparoa izango duen talde baten aurrean gaudela erakutsi zuten, ez direla ekoizpen lan izugarriz lagundutako bihar ahaztuko dugun talde horietako bat. Horren ondoren, gau epel honetako momentu hunkigarrienera heldu ginen, bertan, Jazzaldiko zuzendariak, Miguel Martinek, Ron Carterri Donostia Saria eman zion bere ibilbidearen mugarriak tarte luzez zerrendatu eta gero. Carterrek saria eskuetan zuela, ohi duen umiltasunez, berak baino gehiago merezi zuten beste sei musikari ezagutzen zituela gogorarazi zigun. Gero hobekien egiten duenari ekin, eta baxua eskuartean zuela Russell Malone gitarra-jotzaile fina eta Mulgrew Miller pianista sentibera lagun zituela, azken urteetan eskaintzen duen bidezko kontzertu, gozo, dotorea eskaini zigun. Karrankarik edo berritasunik nahi zuenak ez zuen kontzertuaz gozatuko, baina gu Carter handiaren beste «My Funny Valentine»-ren moldaketa zoragarriaz gozatzera hurbildu ginen, baita lortu ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo