GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA; JON ANZAREN GORPUA, EUSKAL HERRIAN

Duintasuna eta konpromisoa, saminaren eta amorruaren gainetik

Hamabost hilabete zain egon ostean, atzo Ziburuko beilatokian bildutako jendeak pazientziaz itxaron zuen Jon Anzaren gorpuaren etorrera. Okzitaniako Tolosatik zekartenek hurbil zirela jakina- razi zutenean, ordea, egonezinak hartu zion lekua ordu arteko barealdiari.

p002_f01_294x156.jpg

Arantxa MANTEROLA

Arratsaldeko hiru eta erdietarako bost minutu falta zirela iritsi zen zerraldoa zeraman furgoneta, atzean hamar bat ibilgailu zituela. Familia, lagun eta militantez osatutako taldea goizeko hamaiketan abiatua zen Tolosako beilatokitik. Aurrekoetan -bai gorpua ikuskatzera joan zirenean bai autopsia egin ziotenean- ez bezala, atzokoan ez zuten inolako arazorik izan An- zaren gorpuzkiak jasotzerakoan. Poliziarik ere ez zen bertaratu, ez agerian bederen.

Zain zeuden ehun bat lagunek, ikurrinak jasota, pasabidea egin zioten hilkutxari ibilgailutik sarrerarako tartetxoan. Une horretan oihu batzuk entzun ziren, baina nabaria zen hunkipenak estutuak zituela eztarriak.

Eguzkia eta lainoak norgehiagokan zirela, jende gehiago metatzen joan zen antolatzaileek finkatu hitzordurako. Lankide eta lagunez gain, ezker abertzaleko, Anai-Arteko, Askatasuneko eta Segiko aurpegi ezagunak ikus zitekeen multzoan, bai eta preso ohi, iheslari eta militante ugarirenak ere.

Auzokideak bertan

Donostiako Altza eta Intxaurrondo auzoetatik hurbildutako Anzaren lagunek ez zuten atzokoan ere hutsik egin. Lore-sortak eskuetan, beilatokiko gelara sartu eta familia besarkatuta, begiak gorriturik irten ziren asko Anzaren oroimenezko lehen ekitaldiaren hasiera itxarotera.

Bostak laurden gutxi aldera, txalapartaren doinu biziak erne jarri zuen ordurako laurehun lagunera iritsitako jende multzoa. Ttan-ttakunak apaltzen hasi zirenean, senide eta lagunek Anzaren hilkutxa lepoan hartu, eta atariraino hurbildu zuten. Une horretan, ordura arte eutsitako atsekabea eta amorrua lehertu egin ziren, eta «Jon, gogoan zaitugu», «Herriak ez du barkatuko» eta «Jo ta ke irabazi arte» leloak indarrez jaurti zituzten bertaratutakoek.

Bi bertsolari gazteen bertsoek, errespetu handiz eta dotoreziaz dantzatutako aurreskuari eman zioten bide eta, horren ondoren, zerraldoa hil-kaperara eraman zuten berriro.

Ez ziren, ahatik, ETAko militantearen gorpuaren harrerako une hunkigarri bakarrak izan, Askatasunaren izenean, Anaiz Funosasen hitzartze sentikorrak malko andana eragin baitzuen.

Azkenean, etxean

«Azkenean» Euskal Herriratu zutela nabarmenduta, azken hilabeteetan berari buruz asko hitz egin dela esan zuen eta, horrenbestez, atzoko hitzak berari zuzendu zizkiola adierazi aitzin.

Bere zerraldoaren aurrean, «senide, lagun, militante eta sakonki hunkitutako herritarrez gain, zu bezala, ikusten ez diren presoak, iheslariak edota borrokan desagertu eta hildako guztiak hemen dira», gaineratu zuen.

Militante abertzaleari gertatutakoak «sekulako mina eta amorrua» eragin dizkietela esanez jarraitu zuen Funosasek. Zehaztasun guztiak ez izan arren, bere «heriotzaren erantzule» egin zituen Alliot-Marie eta Perez Rubalcaba ministroak eta Sarkozy eta Zapatero presidenteak. Anza desagertu zelarik, Barne ministroa eta egun Justizia ministro frantsesa dena era berezian seinalatu zuen Askatasuneko ordezkariak. «Guardia zibilen inpunitatea aratu eta ematen dien babesaren» errudun jota, familiarekiko izan duen «mespretxuak, esandako gezurrek eta trufek» bere ardura begi-bistan uzten dutela ziurtatu zuen.

«Jarrera horrekin, -segitu zuen- gure herria ezabatzeko zertaraino prest diren erakusten dute. Eta, egia da bai, maila oso goian ezartzen dutela».

Errepresioaren aurkako erakundeko bozeramaileak «Anza bezala, beste militante desagertuak ere (Larre, Pertur, Naparra)» gogoratu zituen, baina baita «Euskal Herriaren eraikuntzan engaiamendu garaiena, heriotzerainokoa, izan dutenak».

Berriro Anzari zuzenduz, donostiarraren emankortasuna goraipatu zuen: «Inportanteena guretzat, zuk markatutako bidea da. Bai borrokan, bai Euskal Preso Politikoen Kolektiboan, bai militantzian eta baita bizitzan ere, sekulakoa da eman eta uzten duzuna, Jon».

«Gure geroaren beldur»

Donostiarrari eta beste militanteei gertatutakoak «gauza bat argi» uzten duela gaineratu zuen: «Herri honen konpromisoaren eta borondatearen beldur dira, argi da. Eta haien beldurra, herri honek finkatu duen erronkaren tamainakoa da. Sekulakoa. Eta maila bereko erantzuna ematen entseatzen dira. Zu, heriotzaraino eramanez, beste hainbesterekin egin duten bezala. Konpromisoaren beldur dira, herri hau eraikitzen ari den proiektuaren beldur dira, gure geroaren beldur dira», adierazi zuen irmotasunez Funosasek.

Une horretan hitz samurrak izan zituen Anzaren familiarentzat: «Maria Luixa, Maixo, Koldo, Anabel, egoera jasangaitza da bizi duzuena. Bihotzetik, gure maitasun eta adiskidetasuna helarazten dizuegu eta baita gure esker ona ere. Eskerrik beroena erakutsi eta erakusten duzuen duintasun, determinazio eta kuraia paregabeagatik».

Amaitzeko, euskal militantearen engaiamendua eredu hartuta, egia osoa jakin arte, ahal duten guztia egingo dutela agindu zion Anzari: «Bai, dena eginen dugu Jon, azkena izan zaitezen. Dena eginen dugu ahantziak izan ez zaitezten eta dena eginen dugu zor diguten egia lortu arte».

Anzaren konpromisoa bere eginez, «Euskal Herriari zor zaizkion eskubideak errespetatuak izan arte eta hainbeste defendatu duzun herriaren askatasuna irabazi arte, borrokan» segituko dutela baieztatu zuen, «Gora Jon» ozen bat jaurti aurretik.

Dozenaka ukabila tente, ikurrinaz osatutako itsasoaren erdian, atzokoan, gartsu irten zen bildutakoen aho eta bihotzetatik Anzaren oroimenez abestutako «Eusko gudariak».

ARAZORIK GABE

Tolosan zerraldoa jasotzerakoan, bidaian zein atzoko harreran ez zen arazorik izan. Polizia, agerian behintzat, ez zen agertu eta aurreikusi bezala burutu ziren beilatokian gorpuaren instalazioa eta bertan egindako ekitaldia.

BEILATOKIA

Gaur goizetik goiti, Ziburuko beilatokian (Marinela auzoaren inguruan) egongo da Anzaren zerraldoa ikusgai lurperatua izan arte. Datozen egunetan lurperatuko dute Ipar Euskal Herrian baina, familiak hala eskatuta, ekitaldia ez da irekia izango.

EGIA OSOA

Ezker abertzaleak deituta, gaur arratsaldeko bostetan ekitaldia egingo da Anzaren oroimenez Ziburuko plazan. Bere ibilbidea goraipatzeaz gain, «egia osoa» eskatuko diote Estatu espainolari eta frantsesari, «bahiketaren eta heriotzaren errudun baitira».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo