GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Enplegu galera, errentagarria bakan batzuentzat

Hego Euskal Herrian 2008 eta 2009 arteko enplegu galera ez da horren latza izan... enpresaburuentzat. Ez dago azaldu beharrik zer-nolako drama den langile batentzat lana galtzea krisialdi betean, gizarte zerbitzuak, beste lan bat aurkitzeko aukera gisa, murriztu eta murriztu ari diren bitartean. Baina, esan bezala, bakan batzuentzat langileak kaleratzea ez da dramatikoa; aitzitik, 2009ko Lan Kostuen Gaineko Urteko Inkestaren arabera, errentagarria izan da enpresaburuentzat. Oso errentagarria, langile bakoitzeko kalte-ordainaren zenbatekoa eta diru-laguntzen eta kenkarien zenbatekoa alderatuta.

Datu horiek agerian jartzen dutenez, Rodriguez Zapateroren Gobernuak eta Kongresu espainolak onartu duten lan erreforma eta oro har krisiaren aurkako neurriak onartezinak dira, baina ez ulertezinak. Enpresaburuek gustuko esapidea dute beren bokazioa aberastasuna sortzea dela dioen hori. Eta ezin uka hala dela, «ahalik eta aberastasun handiena sortzea», baina esaldi hori herren dago bigarren atalik gabe, enpresaburuek isiltzen duten atala, alegia: ...eta «ahalik eta gutxiena banatzea». Halakotsua izan liteke bigarren atal hori eta, nolanahi ere, halakoxea da eredu ekonomiko honen errealitatea. Ulerterraza, baina onartezina. Are onartezinagoa gobernuak eta, beraz, diru publikoa, beren zerbitzura dituztela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo