GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jai herrikoien aldeko apustua egin dute Azpeitiko saninazioetan

Emakumearen partaidetza bultzatzeko hainbat ekitaldi egingo dituzte jaietan. Horien artean garrantzitsuena Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak eta Bilgune Feministak antolatutako «Emakumeok Plazara!» ekitaldia da. Bertan emakumeek arlo publikoan egin ditzaketen lanak erakutsiko dira. Horrez gain, ohikoak diren zezenketak eta San Inazioren omenez ospatutako mezak antolatu ditu Udalak.

p018_f03_111x111.jpg

Nagore BELASTEGI

Aurten ere Jai Herrikoien Aldeko Batzordea buru-belarri aritu da Azpeitian festa euskaldun, parekide eta parte hartzaileak prestatzeko. Astero egin dituzten bileretan 40 edo 50 gazte aritu dira jaiak prestatzen, baita beste herritar asko ere lan zehatzetan.

Iaz 400 pertsona inguruk bete zituzten txosnetako txandak, eta aurten ere antzera ibiliko dira. Hala ere, Batzordea kexu da udal gobernuak jai herrikoiak bultzatzeko borondaterik ez duelako.

Jai Herrikoien Aldeko Batzordearen iritziz, jaietan herritarrek izan behar dute protagonista eta, horretarako, herritik herriarentzat egindako egitaraua prestatu dute. Atzo, txupinazoa bota aurretik, euskal presoen eta Udalbiltzaren aldeko elkarretaratzea egin zuten EA eta ezker abertzaleko hautetsiek udaletxean. Erniarratz bertso elkarteko eta ikastolako kideek suziria bota ondoren, Haritz Etxeberria bertsolariak herriko presoak hartu zituen ahotan, eta horiek datorren urtean Azpeitian izango direla esan zuen.

Horren ostean, jai herrikoien alde dauden azpeitiarrak «marea arrosan» murgildu ziren, umore ona lagun, prestatu dituzten jai alternatiboez gozatzen hasteko. Gaur ere herritarrek jaietan parte hartzeko aukera asko izango dituzte. Jai Herrikoien Aldeko Batzordean Bilgune Feministak ere hartzen du parte, eta talde horretako kideek jai parekideak lortzeko ekitaldiak antolatu dituzte. Alde batetik, atzo gauean Txitximore pertsonaia ezagutarazi zuten bideo baten bidez. Txitximore emakumeak defendatzen dituen pertsonaia da, emakumeen eredu bat eta gogor egiten du Sistem izeneko pertsonaiaren kontra, sistema patriarkala suntsitzearren. Txitximore-ren bidez mezu nagusi bat helarazi nahi diete herritarrei, hots, emakumeekiko egun gizartean dauden aurreiritziak desagerrarazi behar direla.

Beste alde batetik, «Emakumeok plazara!» lelopean ekitaldi bat ere egingo dute. Gaur, arratsaldeko zazpietan, udaletxeko arkupeetan egingo dute hori. Bertan 30 emakume baino gehiagok hartuko dute parte. Ekimen honen helburua emakumeek eremu publikoan nabarmentzeko dituzten zailtasunak alde batera utzita, emakumeek egindako lanak plazaratzea da. Giro polita sortuko da, beraz, plazan arratsaldean, erakusketa, bertso, antzerki arloetan eta bestelako ekintza publikoetan adituak diren emakumeen eskutik.

Bilgune Feministak emakumeen partaidetza sustatzeko III. bakailao lehiaketan (13.00) parte hartzeko deia egin diete horiei, egunero etxeko sukaldean aritzen direnek herritar guztien aurrean janaria prestatzen zein trebeak diren erakutsi ahal izateko. Aurten iaz baino azpiegitura handiagoa izango da eta 30 pertsonak parte hartu ahal izango dute. Lehiaketa amaitutakoan, herri bazkaria egingo dute eta lehendabizikoz Erdi Kalean izango da.

Haurrentzako ekitaldiak ere antolatu dituzte. Gaur, 17.00etatik aurrera, Altxorraren Bila jokoa egingo dute plazan, eta txikienentzako triziklo-lasterketa ere izango da. Horren ondoren, askaria banatuko dute txosnetan. Gainera, haurrentzako festa ere izango da, Alprojak pailazo taldearen eskutik.

Aurten jaiak inoiz baino herrikoiagoak egiten saiatu da Jai Herrikoien Aldeko Batzordea, eta horregatik Azpeitiko musika taldeen kontzertuak kanpotarren emanaldiekin tartekatu dituzte. Gaur gauean, Arrasateko Bitter Honey eta Azpeitiko Kasik! taldeek emango dute kontzertua.

Kirola, zezenketak eta erlijioa

Ekitaldi horiez gain, Udalak antolatutakoak ere izango dira. Jaietan parranda egiteaz gain besterik ere egin daiteke eta kirol ekitaldiek garrantzia izango dute aurtengo festetan. Gaur eta bihar, 22.30ean, Asegarceko eta Aspeko pilotarien partidu profesionalak izango dira Izarraitz pilotalekuan.

Gaur goizean, 9.00etan, Herriko Musika Banda, Biasteriko Dultzaineroen eta Izarraitz Txistulari Taldearen eskutik Goiz Eresia izango da. Gero, San Inazio egunean ohikoak diren ekitaldi erlijiosoak hasiko dira eta 10.10ean Udaleko ordezkariak parrokiara abiatuko dira. 10.30etan, prozesioa egingo dute Azpeitiko kaleetan eta 11.00etan Soreasuko Sebastian Donearen eliza nagusian Meza Santua izango da. 12.00etan, berriz, arratsaldeko seietan Rafaelillo, Alberto Aguilar eta Javier Cortesek toreatuko dituzten zezenak aukeratuko dituzte. 12.30ean entzierroa egingo dute -Eliz kaletik Done Jakue kaleraino- Zezen Beltz taldeak antolatuta.

13.00etan, Azpeitiko Musika Bandak saninazioetako kontzertua eskainiko du udaletxeko arkupeetan eta, 17.30ean, zezen txikik izango dira Done Jakue kalean. 19.00etan, Oria txaranga ibiliko da batetik bestera, eta 20.00etan, berriro aterako da zezen plazatik. 23.00etan, jaietako bigarren su festa izango da, Bizkaiko Astondoa Piroteknia ospetsuaren eskutik. 23.30ean Buriatiako Baikalskie Volni Dantza Taldeak emanaldia eskainiko du Olazko Andre Mariaren plazan. Ordu berean, El Visabuelo taldeak joko du Plaza Nagusian.

Bihar, 9.00etan, dianarekin esnatuko dira azpeitiarrak. 10.15ean, lehendakariari eta Gipuzkoako Aldundiko kideei ongietorria egingo diete udaletxean. Jarraian, 11.00etan, Loiolako basilikan Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak emango duen Meza Nagusira joango dira, eta 13.00etan Itsasi Dantza taldeak agintariei aurreskua dantzatuko die Plaza Nagusian.

Bitartean, eguerdian, arratsaldeko zezenketako animaliak aukeratuko dituzte. Bihar, el Cid, Jose Maria Manzanares eta Arturo Macias toreatuko dute. Arratsaldean, 17.00etan, haur parkea jarriko dute Plaza Nagusian, eta 17.30ean bigantxekin jolasteko aukera izango dute Done Jakuen.

19.00etan, emanaldi berezia egingo du Los Pasai txarangak herriko kaleetan zehar eta, 20.00etan, kalejira hasiko dute Zezen plazatik. 21.30ean doinuak guztiz aldatuko dira, Mariatxi Real Jaliskoren kalejira hasiko baita. 23.00etan, jaietako hirugarren eta azken su sorta botako dute. Oraingo honetan, Valentziako Zamorano Caballer Piroteknia su-etxe ezagunak jaurtiko ditu. Ordu erdi geroago, Peli Almuedo txiste kontalariak «El humor de Peli» emanaldia egingo du Olazko Andre Mariaren plazan. Jarraian, Mariatxi Real Jalisko taldea berriro hasiko da bere herrialdeko musika jotzen. 1.00etan, berriz, Zarautzeko Delorean indie-rock talde arrakastatsuak kontzertua eskainiko du Plaza Nagusian.

Goizaldeko seietan, los Incansables txaranga ibiliko da gora eta behera, kaleak alaitzen. 7.00etan zezena aterako da Done Jakue kalean zehar, eta 10.00etan jaiei amaiera emango dien suziri eta danbatekoak botako dituzte. Lotara joateko ordua.

Festa herrikoiak 31

12.00 Triki-poteoa, Alde Zaharreko kaleetan zehar.

15.00 Herri bazkaria, Erdi Kalean

16.30 Musikherria eta herriko taldeen kontzertuak

17.00 Altxorraren bila eta, txikienentzat, triziklo lasterketa, Plaza nagusian.

18.00 Merienda, txosnetan

18.30 Haurrentzako festa txosnetan, Alprojak pailazo taldeak girotuta

19.00 Emakumeok Plazara! jaialdia, Plaza Nagusiko arkupeetan

23.00 Gazte independentisten ekitaldia.

23.30 Karaokea txosnetan

00.00 Rock kontzertuak Kasik eta Bitter Honey taldeen eskutik, txosnetan.

Festa herrikoiak 1

10.00 Elkarretaratzea Loiolan, «Euskal Presoak Euskal Herrira!» lelopean

12.30 III. Bakailao Txapelketa, Plazan

15.00 Bakailao herri bazkaria, Berdura plazan. Arratsaldean, kale animazioa

23.00 Vendetta eta Ze esatek! taldeen kontzertuak, txosnetan

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo