GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Beñi Agirre Euskara irakaslea

Celaa, bi aurpegi

Ibilbide luzea du politikan, gehienbat Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean eta beti banaketaren bat bai (Euskadi-Nafarroa), baina eszisiorik izan ez duen Alderdi Sozialistan. Eleaniztasunari buruz, transbertsalitateaz eta modernitateaz egiten du hitz. Zuzenbidean, Ingeles Filosofian eta Filologian lizentziatua da eta euskarari dagokionez, EGAduna. Ezin, beraz, bere nagusi politiko Patxiri egozten zaion pellokeriarik leporatu; formazio handiko pertsonatzat jotzen baita.

Horregatik, aginte zuzenera iritsitakoan, ordenagailu eramangarri txikiak eskoletan barreiatzeko egindako diru xahuketa modernitate itxurakeriaren baitan justifikatu zuen; gero, ordenagailu horiek eskoletako zakar-txokoetan baztertuta geratu badira ere. Prentsa titularra emana zegoen. Jarraian, ordea, derrigorrezko gastu gutxitzea zela medio, irakasle kopuruaren murrizketa latza egingo zela zabaldu zuen «bazihoak-hartzak» edo globo-sonda moduan. Horra hezkuntza kalitatearen izenean diru xahutzea-aurreztea eginbidearen bi aurpegi.

Bi aurpegi dituenaren antzeko jokaera zuria, ordea, euskararen tratamenduan ikusten da nabarmen. Esan gabe doa EGAdun izan ala ez euskaraz txukun ari den edonori euskaldun euskaldunenaren euskalduntasuna aitortzen diodala nik neuk behintzat. Besterik da baina, eleaniztasunaren izenean eta gaztelania-ingeles-euskara hirutasuna aitzakia hartuta, herri honen jatorrizkoa den euskarari, hiruretan ahulenari, gizarte osoaren hizkuntza izateko politika egokirik ez ezartzea horretarako ahalmena duenak. Bi aurpegiko zurikeria da euskaldun batek irakaslearen formazioan euskara hobetzeko Internet bidezko euskara formazioa ezabatzea, euskaltegiei jada eskasak diren diru-laguntzak murriztea... Esaldi batean esanda: euskararen normalizazioa ekarriko ez duen politikaren ezarpena euskara jatorrean iragartzea alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo