GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Josu Jimenez Maia | Berriozar

Erlojuaren orratzak gelditu egin zirenekoa

Martires de Ocaña kalea, Ocaña herrian, Toledo, Espainia. Goiz-goizetik Ocaña II espetxearen atarian Dabid Cebrian euskal preso politikoa noiz aterako zain egon ginen. Luze itxaron behar izan genuen; izan ere, porra bat egiteko astirik ere egin genuen, itxaronaldiaren eta beroaren aringarri, ea zein ordutan, zehatz-mehatz, askatuko zuten asmatu nahian. Nik ez nuen porra irabazi, uste baino beranduago askatu baitzuten: hamabiak laurden gutxitan. Nolanahi ere, atera zenean, bihotza azkartu zitzaigun zain geunden guztioi. Ocañako espetxeko atarian besarkada bero bana jaso zuen lagun askatu berriak. Irrintzi isila. Une hunkigarria, guardia zibilen begiradapean, baina. Autoetara sartu, eta Euskal Herrirako bidea hartu genuen. Han gelditu ziren guardia zibilak, eguzkipean.

Autoz gentozelarik, kilometro batzuk egin eta gero, begirada bat eman nion eskumuturreko nire erlojuari. Nire harridurako orratzak hamabiak hogei gutxitan geldituak ziren, ez aurrera ez atzera. Erlojuari kolpetxo batzuk emanda, berriz hasi zen segundoen orratza mugitzen... Agian, erlojuaren orratzek laguna espetxetik atera zeneko une hunkigarri hori betiko gorde nahi zuten nire gomuten zakuan.

Etxera heltzerakoan bertan zeuden «benemerita» delakoaren beste kide asko, Berriozarko Eguzki plaza zeharo hartuta. Berriz ere guardia zibilen begiradapean. Alferrik, baina. Beste leku batean jaso zuen preso ohiak -jadanik preso ohiak- ongietorria. Beste une hunkigarri bat, gure gomuten zakuan ederki gordeko duguna. Ongi etorri, Dabid. Eta erlojuaren orratzak aurrera doaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo