Hil zeneko 30. urteurrenean, Mixel Labegerieri omenaldia egin zioten atzo, Kanbon
Michel Labeguerie zendu zenetik 30 urte betetzen direla-eta, omenaldia eskaini zioten kantariari atzo, Kanbon. Kantari sakona, gizon hurbila eta abertzale gogotsua izan zela nabarmendu zuten atzoko ekimenean.
Idoia ERASO | KANBO
Kanboko auzapez Vincent Brurekin batera, Jean Haritschelhar eta Mikel Erramuspek hartu zuten hitza, baita omenduaren alargun Rita Labegeriek ere. Labegerie musika munduan ezaguna egin zuten hainbat kantu ere abestu zituzten omenaldian zehar.
Kanboko auzapeza izan zen Labegerie 1965etik 1980an zendu zen arte. Diputatua, senataria eta kontseilari nagusia ere izan zen. Bere burua abertzale eta euskara eta euskal kulturaren defendatzaile gisa definitzen zuen. Enbata mugimendu abertzalearen sortzaile izan zen. Euskal Herriarekiko zuen maitasuna argiki agertzen zuen bere kantuetan.
Michel Itzaina idazleak, Herriko Etxean Labegerieren idazkari izan zenak, kantari eta politikaria «atsegina, xarmangarria eta kasik gizon distiratsua» izan zela azaldu zuen. «Esatari arras ona zen, salak berotzen zekiena», gaineratu zuen Itzainak.
Kanboko auzapezak ideia bera nabarmendu zuen: «Gizon oso erakargarria zen, arras ongi mintzatzen zena». Itzainak Labegerie buruzagi baina batez ere lagun izan zuen eta kantariaren bertuteen artean zuen gizatasuna nabarmendu zuen: «Nik gogoan izanen dut beti jendearekiko hurbiltasuna eta bere euskaltasuna. Medikua baitzen, oraindik ikusten dut eri baten ohe izkinan bere karneta eskuetan herriko jendearen mintzaira biltzen».
Euskara eta euskal kultura
Euskararen alde borrokatu zen beti, eta aldi berean emazteen eta familien eskubideak aldarrikatu zituen. «Eriekin euskaraz mintzo zen beti, euskara sortetxean ikasi zuen eta euskal kulturan murgildurik izan zen Piarres Laffitte apezari esker», azaldu zuen Itzainak. Horren inguruan Vincent Bruk honakoa aipatu zuen: «Euskal Herriari buruzko ideia oso argia zuen, uste sendoak zituen».
Bertsolaritzari esker ezagutu zuten elkar idazkariak eta nagusiak. Sarri, biak gai jartzaile lanetan aritu ziren. «Mattin, Xalbador eta Uztapide lagun genituen eta bertso saioetan sarri ibiltzen ginen».
Mixel Labegeriek ez zuen disko eta kontzertuetan soilik kantatzen, Bruk oroitzen duen legez: «Autoan beti gitarra eramaten zuen eta bilkura luzeak zirenean gitarra jotzen zuen. Euskal Herriarekiko zuen pasioa adierazten zuen idazten zituen kantuen bitartez».
Euskal Kultur Erakundeko zuzendari Pantxoa Etchegoin Mixel Labegerieren izena eramango lukeen saria sortzearen inguruan gogoetatzen ari da. Sari horrekin euskal musikari berrikuntza ekartzen dion edozein kantari sarituko litzateke. Bruk beharbada heldu den urtean jarriko dela abian esan du.
Mezaren ondoren, duela hamar urte Labegerieren omenezko oroigarria duen San Jose parkean zenbait hitzaldi eta kantu entzun ziren.
Labegerie gizon aberatsaren alderdi ezberdinak azaldu ziren. Kanboko auzapezak Labegerie politikaria izan zuen gogoan. Euskaltzaindiko presidente ohi Jean Haritschelharrek euskararen alde egin zuen lana nabarmendu zuen, eta Euskal Kultur Erakundeko presidente Mikel Erramuspek kantu eta kultura arloan izan zuen garrantzia azpimarratu zuen. Azkenik, gizona Rita Labegerie alargunak deskribatu zuen ondoen. I. E.