GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Harrapatzen bazaitu....

Humanitatea zer den eztabaidatzen ari gara, finean. Eta animaliekiko tratu kaskarraren mitifikazioak ez du lekurik jende askoren humanitate kontzeptuan, zorionez

Zezenak dira, bai. Niri, egia esan, asko gustatu zaizkit beti zezenak. Zinez ederrak dira, adar zorrotz eta planta horrekin, adibidez, Tafallako karriketan dabiltzalarik, entzierroan. Astakeria iruditu zait beti, berriz, zezen eder horiek, goizean jaun eta jabe ibiltzen direnak, arratsaldean torturatu eta erailtzea. Goizean, indarra eta bizkortasuna dira nagusi, korrika dabilenak jauzi eta enborretara igotzeko edo bestela salbatzeko aukera aunitz dituelarik. Arratsaldean, toreroa eta bere lagunak armaturik daude eta zezenak ezin du ihes egin. Zer gertatuko den aurretik erabakita dago eta plazan bildutako jendeak animalia baten oinazearen ikuskizuna ikusi nahi du. Kultura esaten diote batzuek horri, gainera.

Jakin badakit askorendako entzierroa eta zezenketak maila berean daudela. Batek baino gehiagok nire hausnarketa honen «zurikeria» kritikatuko du, beharbada. Egia esan, entzierroak gustukoak baditut ere, animaliekiko tratu txarren aztarna batzuk atzematen ahal dira bertan, halaber. Finean, «espektakulu» bilakatzen ditugu zezenak. Baina horixe gertatzen da, adibidez, zirkuan edota zoologikoetan. «Humanoak» ez diren bizidunekiko gure portaerak aldatuz joan dira azken mendeetan eta, agian, portaera hauek guziak desagertuko dira egunen batean, toleraezintzat hartuko direlako.

Anartean, zezenak eta zezenketen inguruko eztabaida berpizten ari da eta goiz ala berandu Euskal Herrian ere lehertuko da. Eta, nire ustetan, onuragarria da, batez ere, modako joerak gaindituz hausnarketa emankorrak bideratzeko gai baldin bagara. Horretarako, sakoneko azterketak interesgarriak dira, eta beharrezkoa da ñabardurak aintzat hartzea. Horregatik aipatu dut nik entzierroa. Nire asmoa ez da entzierroaren goraipamena egitea zezenketak salatzen ditudalarik, baizik eta jarduera batzuen eta besteen arteko ezberdintasunak aipatzea.

Esan daiteke mitologia guziak alde batera utzi eta animaliak bakean uzteko tenorean gaudela jada. Ados. Baina komeni da jakitea zezenaren inguruan kultur eta zibilizazio ereduen arteko talka handia gertatu dela, gaur ere antzezten ari dena, hots. Finean, zergatik torturatu heriotzaraino jendearen aurrean naturaren indarra ordezkatzen duen animalia eder bat? Zergatik sortu jarduera honen inguruko «kultura» bat? Gizakiok halakorik egin behar dugu? Zertarako? Beste animalien gainetik gaudela irudikatzeko? Onargarria da hori XXI. mendean?

Gure buruarekiko eta planetako beste biztanleekiko harremanak daude eztabaida honen funtsean. Humanitatea zer den eztabaidatzen ari gara, finean. Eta animaliekiko tratu kaskarraren mitifikazioak ez du lekurik jende askoren humanitate kontzeptuan, zorionez. Beste batzuendako, berriz, hau, esan dugunez, kultura da, ondare kultural bat. Nortasunaren ikur ere bilakatu dute, gainera.

Animalia eder bat hil arte oinaztatzea espainiar nortasunaren ikur ukiezina baldin bada, espainiartasunak arazo handiak izanen ditu etorkizunean. Hautatzen ditugun ikurrek asko esaten dute gutaz. Horrelakorik nahi ote dugun eztabaidatu beharko dugu euskaldunok, patxadaz, ñabardura guziak aintzat hartuta, baina «tradizioak» fosilizatu gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo