Sega
Kanflanka da faborito Nafarroako lehiaketan
J.L.
Urtebeteko geldialdiaren ostean, berriro itzuliko da Nafarroako Txapelketa, eta orain arte jokatu den guztietan bezalaxe, aurten ere Mariñelarena eta Kanflanka neurtuko dira. Saioa bihar izango da Leitzan, 12.00etatik aurrera. Kirolari bakoitzak 45 minutu izango ditu lanean aritzeko, eta tarte horretan belar kilo gehien mozten duen segalariak eramango du garaipena.
Orain arte jokatu diren txapelketa guztietan Mariñelarena izan da nagusi, baina aurtengorako Kanflanka agertzen da faborito. Leitzarra bere zaleen aurrean arituko da eta babes hori mesedegarri izango du, nahiz eta lehen ere bere herrian jokatuta dagoen. Dena dela, erreferentzia, azkeneko Euskal Herriko Txapelketa hartu beharko da. Han bigarren izan zen Kanflanka eta, hirugarren, Mariñelarena. Euskal Herrikoan, ordea, ordubeteko lana izan zuten, eta bihar 45 minutukoa izango dute. Hala ere, leitzarra da aurtengo faboritoa.
Herriz herri
Nafarroako Herriz Herri Txapelketa bihar abiatuko da Beran, 19.00etatik aurrera. Bertan, Basaburua, Ultzama, Bera eta Berriozar lehiatuko dira. Ekinaldia Altzateko plazan izango da. Aipaturiko lau taldeak bi proba konbinatuetan lehiatuko dira, eta aurten maila bakarra izango da. Guztira, lau jardunaldi izango dira, eta azkenekoa abuztuaren 28an izango da Berriozarren.