GARA > Idatzia > Euskal Herria

Oibarren amaituko da gaur Nafarroako gazte asanbladek herriz herri eginiko martxa

Astelehenaz geroztik, herriz herri ibili ondoren, gaur amaituko da Oibarren Nafarroako Gazte Asanbladen martxa. Hala ere, ekimenarekin bat egin nahi duenak badu oraindik aukerarik. Arratsaldean hainbat ekitaldi izango dira eta, afalondoan, kontzertuak.

p012_f0258984.jpg

GARA

Gaur Oibarrera iristearekin batera, sarde berdeak amaiera emango dio aste osoan zehar Nafarroan barrena egindako ibilbideari. Hain justu ere, astelehenetik gaur arte Nafarroako Gazte Asanbladen Martxa egin dute dozenaka gaztek herririk herri eta sardea izan dute lekuko.

«Pentsatuz, antolatuz, erabakiz eta ekinez! Nafarroako gazteria aurrera!» lelopean, ia duela bi urte sorturiko Nafarroako Gazte Asanbladen Koordinadora ezagutzera ematen eta gazteen arteko harremanak estutzen ibili dira gazteak. Herri bakoitzean hainbat ekimen egin dituzte martxari harrera egiteko: kalejirak, hitzaldiak, «kafetadak», jolasak...

Astelehen goizean bertan Iruñetik irten zen martxa Erribera aldera, eta Azkoienen egin zuten lehen geldialdia. Bertan zain zituzten hainbat gazte eta kalejiran ibili ondoren, Guardia Zibilari buruzko hitzaldi bat izan zuten. Bertan bazkaldu ondoren, Faltzesera joan ziren eta han gelditu ziren hurrengo egunera arte.

Asteartean Larragan eta Garesen izan ziren; asteazkenean, berriz, Lizarra, Arbizu eta Leitza zeharkatu zituzten. Azken herri honetan, bost urte bete berri dituen Atekabeltz gaztetxean harrera egin zieten. Gauean, berriz, Leitzako eta Kubako kantautore banak «kontzertu mugikorra» eskaini zuten herriko kaleetan.

Martxaren laugarren egunean, eguerdirako Berara iritsi ziren; Kaxarna gaztetxean mahai ingurua egin zuten Nafarroan gazteek bizi duten egoeraren inguruan. Gero, Legasan bazkaldu zuten, eta arratsalderako Elizondora joan ziren. Atzo bertan, ibilbide erdia ia eginda zutela, Agoitzen izan ziren Itoizko solidarioekin batera. Arratsalderako Irunberrira joan ziren eta egunari Zaraitzu bailarako Espartzan eman zioten amaiera. Festetan zen Espartza eta gazteek bat egin zuten jaiekin.

Gaua Espartzan igaro ondoren, gaur Zangotzara joango dira. Han faxismoaren aurkako kalejira egingo dute eta jarraian Oibarrera joango dira. Bertan, bazkaria, martxan bildu den materialaren zozketa, dantza emanaldia izango dituzte eta txalapartariak zein zanpantzarrak ibiliko dira egun osoan. Afaltzeko «txistopanzetada» antolatu dute eta gauean kontzertua eskainiko dute Nafarroako hainbat taldek eta Txileko Guatxupe taldeak.

bi urte eta aurrera

Nafarroa osoko gazte taldeak biltzeko, Gazte Asanbladen Koordinadora sortu zuten orain bi urte. Aste honetan, herriz herri aurkeztu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo