Kremlineko Giza Eskubideen Batzordeko aholkulariak kargua utzi du
Kremlineko Giza Eskubideen Batzordeko aholkulari Ella Pamfilovak kargua utzi zuen atzo. Herenegun, Errusiako presidente Dmitri Medvedev-ek zerbitzu bereziei eskumen gehiago ematen dizkien lege bat atera zuen, giza eskubideen aurka egiten duena.
GARA
Kremlineko Giza Eskubideen Batzordeko aholkulari Ella Pamfilovak bere karguari uko egin zion atzo, Errusiako presidente Dmitri Medvedevek FSB zerbitzu berezien eskumenak handitzen dituen legea atera ondoren.
Oraingoz, Pamfilovak ez du kargua zer dela-eta utzi duen azaldu, baina adierazi duenez, bere kabuz hartutako erabakia da eta «bat-batekoa» ez dela gaineratu du.
Gizarte Arazoetarako ministro izan zen Ella Pamfilova 90eko hamarkadan, Boris Yeltsinek Presidentetzan iraun bitartean, eta egindako lanak ospetsu egin zuen giza eskubideen defendatzaileen artean. 2002. urtean Giza Eskubideen Batzordeko aholkulari kargua onartu zuen.
Lege arriskutsua
Bai oposizioak, bai eta giza eskubideen defendatzaile sutsuek ere, lege berria «arriskutsua» dela azaldu dute. Horien ustetan, lege berriak Errusiako zerbitzu bereziek atxiloketa arbitrarioak egiteko aukerak gehitzen ditu.
Bestalde, Dmitri Medvedevek hasieratik lege proiektuaren arduraduna izan dela adierazi du, eta, azkenik, atzo legea onartu zuen.
Ekainean Ellak Medvedevi zerbitzu berezien eskumenak handituko dituen legea ez onartzeko eskatu zion.
Aurretik ere, Pamfilovak Errusiako sistema juridikoaren eta instituzio demokratikoen bilakaera eskasa gogorki kritikatu zituen.
Ez hori bakarrik, Errusia Bateratua alderdi politikoaren jarraitzaileen kontra kritika ugari jaurti zituen, baita Nashi gazte erakundearen kontra ere. Azken honek oposizioko politikarien erretratuak iltzatu zituen egur makiletan.
Boris Yeltsinen Gobernuan Gizarte Arazoetarako ministro izan zen, eta 2002an, Giza Eskubideen Batzordeko aholkulari kargua onartu zuen Ella Pamfilovak.