GARA > Idatzia > Kultura

Flaming Sideburns, Donostian; Finlandiako izotzak ere erretzen du

Speedo Martinez argentinarrak gidatzen duen boskote finlandiarra 1995ean sortu zen Helsinkin. Euskal Herrian lehen ere zuzeneko sutsuak emandakoak dira, eta gaur Donostiako uda urtzen ahaleginduko dira Donostiako Doka kafe antzokian, Los Cretinos taldeak lagunduta.

p042_f01_200x76.jpg

A. B. | DONOSTIA

1995ean rock & roll musika salbatzeko helburuarekin Helsinki hirian sortuak, Ski Williamson eta Peevo de Luxe (gitarrak), The Punisher (baxua) eta Jay Burnside (bateria) laukoteak osatzen du egun Speedo Martinez argentinar harroak gidatzen duen taldea, Flaming Sideburns.

Bad Afro zigilu sonatuan «It's Time to Testify ... Brothers and Sisters» single bilduma plazaratu ostean izan zen taldea aurrenekoz Euskal Herrian, orain hamar urte, eta Kafe Antzokian jo zuten abenduan. Aurretik baina, areto atarian Ertzaintzak atxilotu egin zuen Speedo Martinez frontman argentinarra -askatu eta doi-doi heldu zen kontzertura-. Gerora gainera, taldeak Bilboko gertakizunaren berri eman zuen «Hallelujah Rock'n'Rollah» (Bad Afro, 2001) laneko «Flowers» kantuan, «Bilbao, polizia!» oihukatuta.

Egun, taldeak aldaketak izan ditu partaideen artean, eta gaur Donostiako Doka aretoan jotzekoak dira -aurretik Poliziarekin arazorik sortzen ez bada-, Los Cretinos taldea lagun dutela.

Errepidean

1995ean taldea sortu aurretik, bertako musikariak makina bat taldetan jotakoak ziren. Lehen aroa zikina izan zuten, lizuna eta garratza, 60ko garaje doinuak jo eta jo. Eta horren berri eman zuten «It´s Time To Testify... Brothers & Sisters» bilduman. Hellacopters ezagunekin erdibana egindako lana argitaratu zuten gero, eta oihartzuna lortzen hasi ziren Europan.

Behin Ameriketara salto egin eta taldearen soinua rock & roll kolore ezberdinez aberastu ondoren, Jetset Records zigiluarekin «Save Rock & Roll» plazaratu zuten 2002. urtean, eta «Keys to the Highway» 2007an Bitzcore ekoiztetxean, tartean zuzeneko lan bat eta «Sky Pilots» bikoitza ekoitzi eta gero. Geroztik, errepidean hara eta hona ibili izan dira etenik gabe.

Orain taldekideak lasaiago omen dabiltza, baina suak ez ezik, eskandinaviar izotzak ere erre dezakeela erakutsi nahi izango dute gaur Donostian.

Ez da atzean ibiliko 2002an Arrasaten sortutako Los Cretinos taldea. «Crazy Party!» dute azken lana, argi, beraz, Dokako festara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo