GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Joan Mari Irigoien Idazlea

Zementitisak jota: j, k, l, m, n...

 

Aitortzen dut munduko boteretsuek errezeloa eta mesfidantza eragiten didatela. Baita mina ere, hainbatetan eta hainbatetan. Odon Elorza ez da munduko boteretsu bat: ez da Obama, ez da Sarkozy... Baina, txikian bada ere, gure inguruko boteretsuetako bat da.

Ni gizon bakartia naiz, eta ez zait inorekin sartzea gustatzen, baina batzuetan ezinezkoa zait. Izan ere, askotan hartzen dut Altzatik Donostiarako autobusa, eta Herreratik igaro eta plaza han behean ikusten dudanean, bihotza oinetaraino erortzen zait, halako eran, non mina pilatuz joan baitzait egunez egun, egoera jasanezin egin zaidan arte. Eta orduan, lehertu zait pazientzia, eta lehertu zait hitza ordenagailuan... Eta hasi naiz idazten, eta hona hemen nire ezinegonaren fruitua.

Guk uste genuen urbanismo-astakeriak Francoren garaiko kontuak zirela, baina ez. Hortxe dago Auditz-Akular proiektua, gaurko alkatearen ametsa, telebistan behin entzun nionez. Altzatarrok, baina, aspaldidanik gaude zementu-dieta batek itota: jakin ere ez dakit nola ez garen hil, lauhazkako eta ezinbesteko idorreria batek jota... Auditz-Akular, beraz, zementu-terrorismoa da niretzat. Hiru mila etxebizitza baino gehiago, gure gaurko berdeguneetan! Faraonkeria hutsa! Baina erotuta al gaude? Hori bai, beren izar-proiektua saltzeko hitz magikoak baliatzen dituzte: «Babes ofizialeko etxeak». Gaurko ezker light honek hori baitu ona: apaingarriak asmatzen eta hitz hanpatuak erabiltzen sekulako abilezia duela, gero balizko erosleak zozketa batera kondenatuko baditu ere. Nola konforma daiteke ezkerreko alderdi bat zozketa batekin? Harro daude gainera. Ez dut ulertzen. Altzan sekulakoak egin zituzten (etxe, dorre eta eraikin negargarriak; San Markoko zabortegia, Errenterian egon arren, altzatarrok ere hatsez eta kiratsez kutsatu gaituena, auskalo noizdanik; autopista...), eta kokoteraino gaude. Egin dezatela Auditz-Akularren parke bat, Ametzagañan egin duten bezalakoa (ongi eginda dagoena ongi dago, eta zorionak, alde horretatik, Udalari: bakoitzari berea), altzatar askok pentsa ez dezagun Ametzagañakoa aurpegia garbitzeko amarru bat izan dela, eskuak (eta zangoak, eta birikak, eta gorputz-atal guztiak...) faraonkeria horretan zikintzeko.

Badakit zer esango didaten: beren egiteko guztiak «demokratikoki» egin dituztela: horra hor beste hitz magiko bat, guztia zuritzen duena, baina hondamen ekologikoak ez daitezke zuritu, ezta hitz sasisakratu horrekin ere... Ez al dira, bada, gure baserriak eta zuhaitzak eta geratzen zaizkigun berdeguneak, besteak beste, altzatar guztion patrimonio? Horietako asko eta asko, ordea, iraganeko kontuak izango dira aurki.

Alderdi politikoak ez dira gizartea. Eta demokratikoagoa iruditzen zait, alderdiek hitzartu edo negozia dezaketenetik harat (iruzurrak bultzatuta behin baino gehiagotan, esan dezagun hori ere), herritarrei iritzia eskatzea, edo erreferendumak egitea, konfrontazio dialektiko larriak daudenean zer esanik ez.

Gainera, ez naiz fidatzen. Lehen ere, laurogei bat metroko bidea egiteko ehun urte baino gehiagoko dozena bat zuhaitz lerden bota zituzten. Azkenekoa, berriz, Herrerako San Luis plazan gertatu da, ea puntu honi ere ekiten diodan behingoz...

Lehendik ere plazaren gainean errepide berri bat egin zuten, Herrerako jende askoren oposizioarekin, eta orain plazan bertan egin dute deskalabrua. Izan ere, errepidea egin ondoren, aukera bikaina zuen Donostiako Udalak herreratarrei behar bezalako plaza eta arnasleku bat eskaintzeko. Baina ezta hori ere...!, alkateak onartu egin baitu bertan beste etxe zatar bat egitea -nik bakarrik dakit nola astindu eta lausotu dituen etxetzar horrek nire ikusmen-sentiberatasunak, solairuz solairu gora egiten zuen bitartean...!-, plazaren zabalera murriztuz. Herrerako bizilagunek asko sufritu dute, bai, baina are gehiago sufritu beharko dute, zokoan bizi ez ezik, are gehiago zokoratu baititu Odonen eta gobernuan dagoen taldearen erabakiak.

Hauek, baina, gauza inportanteagoak dituzte, antza, Donostia 2016ko Europako kultur hiriburu bihurtu nahi baitute. Donostian, izan ere, su-festak dituzte kulturaren gailur, itxura hutsa.

Hamaika ikusteko jaio ginen, zinez...!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo