GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Identitate kontuak

Kataluniako Parlamentuan zezenketen aurka (ezen ez zezenen aurka) bozkatzea kontu identitarioa da, espainiar hedabideek gogaitzeraino errepikatu digutenez. Beraz, katalan kabroi horiek (bestalde espainolik espainolenak... euskaldunon atzetik) oso gogokoak dituzte zezenketak, eta bost axola zaie animaliek sufritzen duten ala ez, baina espainiarrak izorratzeagatik debekatu egin dute Estatu espainoleko «festa nazionala». Zezenketen alde bozkatzea, ordea, artearen aldeko hautua da. Eta Nafarroako Gobernuak zezenketak babesteko izendapen berri bat asmatu izana, ez bata ez bestea, turismoa sustatzeko prozedura baizik.

Ez dakit zenbateko pisua izan zuen nazio arazoak Katalunian zezenketak debekatzeko erabakian. Erabaki horren kontrakoen arabera, erabatekoa... Eta hala izan balitz ere, ez litzateke parlamentu batek demokratikoki hartutako erabakia? Eta ez da zilegi zezenketaren aurka egitea motibo identitario hutsagatik? Gutxien-gutxienik motibo identitario hutsagatik zezenketaren alde egitea bezain zilegi.

Nazionalismoa txarra dela errepikatu izan digute behin eta berriz, eta zezenketen kontu horrekin beren diskurtso negargarri hori areagotu: txarra behar du nazionalismoak zezenketak, artearen goreneko adierazpen hori, debekatzeko.

Bada, bai, jaun-andreok, argi esan dezagun: nazionalismoa oso txarra izan daiteke. Nazionalismo espainola txinatarra bezain kaltegarria da, estatubatuarra bezain zitala. Eta nazionalismo horietaz hitz egiten ez bada ere, bistan dira mendeetan eragin dituzten eta egun eragiten dituzten ondorio latzak.

Euskal nazionalismoa, berriz, kubatarra edo irlandarra bezala, askatzailea da. Horiek eta beste askok etengabeko erasoa jasaten duten nazioen askatasuna aldarrikatzen dute eta. Bestela, nire nazioa ukatuko ez balute, ez nintzateke nazionalista izango, ez dut zalantzarik bat ere.

Espainolek eta frantsesek arazo identitario potoloa dute. Zertan geratu zen Sarkozyk bultzatu zuen identitate frantsesaren gaineko eztabaida? Zergatik frantsesek eta espainolek, inork beren naziotasuna ukatu gabe, aldarrikatu beharra dute etengabe beren frantziartasuna eta espainiartasuna? Eta zergatik «gogorarazi» behar digute egunero kataluniarrei eta euskaldunoi, besteak beste, zeinen frantses nahiz espainol garen?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo