GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Ramon Agirre Aktorea

Etorri udazkenean

Albert Bartzelonakoa da. Maiz etortzen da Donostiara. Urte sasoi bakoitzeko honako eskapadatxo bat egiten ahalegintzen da. Gustuko du kaleetan zehar ibiltzea eta donostiar gehienok baino arinago erreparatzen die hirian gertatzen diren aldaketa urbanistikoei. Arkitektoa izaki, gorantz begiratzeko ohitura du.

Gaur Antzoki Zaharraren aurretik pasa denean, atari gainean ipini duten panel zabalak eman dio atentzioa. Aktoreen aurpegiz osatutako panel deigarria da. «Ez dago zure argazkirik!», bota dit harridurazko keinua eginez. Uda honetan Antzoki Zaharretik pasatuko diren aktoreen argazkiak direla esplikatu diot. «¿Denak espainolak edo badira euskaldunak ere?», galdetu dit. «Ezta bat ere», esan diot. Alberten arestiko keinu antzeztua benetako harridura da orain. «Udan, antzerki gehien dagoen eta ikusle gehien joaten den sasoian, euskaraz bat bera ere ez?». Udan, Donostian ez da euskal antzerkirik. «Collons!», atera zaio. «Eta normala al da hori...? Udako ikusleen artean euskaldunak ere izango dira, ala?» Baietz nik, asko. «Eta noiz edo noiz euskarazko antzerkia ere ikusi nahi izango dute...». Bada, udazkenaren zain egon beharko dute. «Eta Udalekoei normala iruditzen al zaie?». Udako antzerki denboraldia aurkeztu zutenean, ez nien kezka handirik sumatu. Programazioa ezin hobea zela esan zuten, Espainiako edozein kapital handitakoarekin alderatzeko modukoa. Igual -iguala, esango nuke nik-. «Eta jendeari normala iruditzen al zaio?... Eta antzerkizaleei?... Eskatzen al zaie iritzirik antzerkizaleei?».

Alberten jakin-mina ez da arkitektura gaietan agortzen. EHAZE (Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartea) zer den azaldu diot. Eta normalak ez diren hainbat kontu normaltzen lan handia egin dezakeela. Hala uste dut nik behintzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo