GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Berdaitz Juaristi Irure

Errigoitiko zentrala

Aspaldian, Errigoiti inguruan zabaldu da zeharo goibeltzen nauen zurrumurrua. Kaleko esamesak ziren hasiera batean, susmo txarrak ondoren, arbuioa gaur egun. Tximistaren poderioz eta pozoiaren kaltez etorri zaigu gainera, isilean eta tukutuku, gure arima asaldatu gabe agertu nahi izan badigute ere. Ez zegoen besterik.

Biomasa zentrala da bera, Errigoitin erroldatzeke eta zentzugabekeriaren goraipamenarekin bataiatzear. Honen esanetan eskualdeko bihotza bilakatuko da laster, baina diru egarriz gaixotutako taupadek gure birikiak hipotekatuko dituzte trukean.

Hotz gara. Begietara so egin gabe eskuan muin jasotzeak hoztu egiten gaitu, begirunea ez baitago salgai. Diruak sakela berotzeko gaitasuna du agian; ez du, ordea, gure barnea berotuko. Bada maitasuna baino jantzi beroagorik? Elkartasuna baino arnasa epelagorik? Hauek izan dira beti herriko erregairik xumeenak. Non dira orain? Gureak egin ote du?

Errigoitiarrek isuritako malkoek eta goizeko eguzkiaren distira gozoak erdi bana eraikiko dute herria bizipozez atondu nahi duen ortzadarra. Bere magalak etorkizuneko umeak babestu eta errotuko ditu, gaur eguneko gertaera zoroak antzinako ipuin bihurtzen diren garaietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo