Baserriko ekoizpenak babestuko dituzten labelen zain geratu gabe, bidea egiten segitzen du Idokik
Elikagaien jatorriak, ekoizpen-moduak eta eraldaketa prozedurak gero eta gehiago kezkatzen dute kontsumitzailea. Horretaz jabetuta, eta beren ogibidea eta geroa bermatzeko ere bai, Ipar Euskal Herriko hainbat laborarik Idoki sor-marka jarri zuten abian.
Ipar Euskal Herriko Etxaldeko Ekoizleen Elkartea duela hogei urte baino gehiago sortu zen. Beraz, taldeak eskaintzen duen babesa eta indarra baliatzen dute aspaldidanik, eta Idoki sor-marka da elkartearen ekimen arrakastatsuenetarikoa. Laborari-ekoizleok ez dira, haatik, erabat ase. Estatuko beste antzeko elkarteekin batera, urteak daramatzate agintariei baserriko ekoizpenak behingoz erregulatuko dituen label ofizialaren arautegia finkatzeko eskatzen. Oraingoz, alferrik.
«Baserrian egina», «etxaldeko ekoizpena», «baserriko jatorria», «baserriko eran»... Hamaika izendapen daramaten produktuak aurki ditzakegu merkatuan. Alta, nola jakin zein etxaldetan, nola, zein metodorekin eraldatua izan den ahate, esne, gazna edota erreximenta hori? Are, nola ziurtatu egiaz «baserrikoa» dela sorreratik azokaraino?
Izan ere, deitura erakargarri horiek ez dira beti fidagarriak. «Askotan marketin hutsa baino ez dira izaten», dio Jean-Michel Berho, Ipar Euskal Herriko Etxaldeko Ekoizleen Elkarteko lehendakariak.
Berhok ondo asko daki zertaz ari den. Urteak daramatza label ofiziala sortzeko etengabe lanean. 2005ean zerbait lortzeko puntuan izan ziren, baina, azkenean, «elikagaien eraldaketan diharduten industria-taldeek eta lobbyek egindako presioa» dela medio proiektuak ez zuen aurrera egin.
Kontsumitzaile elkarteekin batera, testu «nahiko onargarria» adostu zuten estatu frantseseko baserri-ekoizleen hainbat elkartek. Berhok berak aurre lanketa horretan parte hartu zuen, Idokiren eskarmentua oso lagungarri izan baizitzaien baserriko elikagaien arauak eta baldintzak zehazterakoan. Nekazaritza Ministerioarekin ere, lanak oso aurreratuak zituzten, baina orain bi urte, dekretua ez zela aterako jakinarazi zieten. Geroztik, ez da ezer berririk egin eta gauzek bere horretan, hots, anbiguotasunaren anabasean diraute. «Zerbait egitekotan, esparruz esparru egingo dela esan ziguten, baina egun ez da ezta harreman zuzenik ere ekoizleen eta fabrikatzaileen artean», esan du Berhok.
Alabaina, egun hamazazpi produktu lantzen dituzten 88 bat euskal ekoizlek Idoki markari biziki lotuak dira. Beren etxaldeetan sortutako produktuekin soilik egiten dute lan. Etxaldeak txikiak dira, «gizakiaren neurrikoak», eta natura, aziendak eta bertako metodoak eta ezaugarriak errespetatzen dituzte. Produktu bakoitzeko, irizpide hauek guztiak argiki zehaztuak dituzte beren xartan eta zorrozki jarraitzera engaiatzen dira. Guztiaren buruan, beren ekoizpenei balio erantsia emango dien zerbait lortzen dute horrela, kalitatearen bermea, alegia.
Txikiak baina iaioak
Txikitasunak ez duela zertan eragozpena izan esan ohi da, baina begi bistakoa da ofizialki babestuak ez izateak zenbait alorretan mugak ezartzen dizkiela. Esaterako, beren produktuak ezagutarazteko baliabide aski urriak dituzte.
Arazo horri ere erremedioa aurkitu diote. Egokia, gainera. Urtero kontsumitzaileei begirako etxalde-azokak antolatzen dituzte. Era horretan, produktuak erosteko aukera emateaz gainera, zer, zerekin eta nola ekoizten duten erakusten diete zuzen-zuzenean.
Aurten hiru antolatu dituzte. Lehena jada egina dute, Gamartheko Uhartia etxaldean. Behi-esnearen produkzioa eta Asiatik ekarritako `kiwai' fruituarena ere ezagutzeko parada izan zuten bertaratutako guztiek.
Abuztuaren 20an, berriz, Urepeleko Intxaia etxaldeak irekiko ditu bere ateak. Mendi lurretan kokatutako baserrian, besteren artean, euskal txerriaren hazkuntza egiten dute. Txerriak oihanean, libre hazten dira eta beraiek eraldatzen dute haragia.
Azkenik, abuztuaren 27an Patinenea Azkaineko etxaldearen txanda izanen da. Mikela Untsain erlezainak, molde biologikoan egindako produktuak erakutsiko ditu.
Hitzordu horietara hurbiltzerik ez duenak, gaur Ezpeletan egingo duten 13. azoka orokorrean aukera paregabea izango du produktuok ezagutu, dastatu eta erosteko, animazio, musika, janari eta joko artean, 10.00etatik arratsaldeko 18.00etara. Ipar Euskal Herrian nekazaritzak bere lekua izan dezan egunero txinaurri lana egiten duten laborariekin harreman zuzena izan ahalko dute horrela.
Arantxa MANTEROLA