GARA > Idatzia > Mundua

Hernan Cortesen omenezko estatu bati margo gorria jaurti diote Badajozen

Medellin herrian (Badajoz) dagoen Hernan Cortesen eskultura Mexikoren aurka burututako «genozidioaren goraipamen harroputz eta krudela» dela iritzita, «Herritar anonimoak» izenarekin jardun duen taldeak bere gain hartu du estatua gorriz margotu izana.

GARA |

Espainolen zapalkuntzatik ihes egitea lortu zutela bi mende igaro direla ospatzen ari dira mexikarrak, eta horren harira, Ciudadanos Anónimos (herritar anonimoak) izeneko talde batek bere gain hartu du amerikar herrialdea mendean hartu zuen Hernan Cortes konkistatzaile espainiarraren omenezko estatuari eginiko erasoa.

Igorritako oharrak argazki bat darama atxikirik, eta aurpegia estalia duen pertsona bat agertzen da bertan, Badajozeko Medellin herrian (estatu espaino-la), Mexikoren konkistatzailearen sorterrian dagoen estatuari margo gorria jaurtitzen.

Ciudadanos Anónimos taldeak sabotajearen arrazoiak ere aipatu ditu, komunikabideetara igorritako idatzian. Estatuaren inguruan ere esku-orriak utzi zituzten, arrazoiak azaltzen.

«Mexikoren independentziaren bigarren mendeurrenean, 2010eko abuztuaren 11n, gorriz margotu dugu Medellingo plazan, Mexiko konkistatu zuenaren sorterrian, haren omenez jarritako eskultura», dio agiriak.

Nabarmentzen dutenez, ekintza horren helburua «ez doa asmo artistikotik harago, eta nahi bada, gogoeta eragiteko asmotik harago; ez zuen apurtu edota kaltetzeko grinarik».

Duintasuna

Ciudadano Anónimos taldeak Hernan Cortesen «irudikapen faxista» hori beste batekin ordezkatzeko eskatzen du, esaterako, «inbasio horietan hildako guztien omenezko monumentu batekin, betiere, garaitua izan zen herria ere duintasunez tratatuz».

Ekintzaileek gorriz margotu duten eskultura horrek ehun urte baino gehiago ditu. Irudi horretan azaltzen da Hernan Cortes Mexikoren zapaltzailea, burua moztua duen amerikar baten gainean duela hanka.

«Genozidioaren goraipamen harroputz eta krudela» izateaz gain, «Mexikoko herritarrentzat irain bat» dela nabarmentzen du taldeak eskulturaren inguruan utzitako esku-orrietan.

Medellineko alkateak ekintza arbuiatu zuen, «tristezia, ezintasuna eta amorrua» sentitzen zituela gaineratuz. «Medellingo ikur nagusia modu honetan ikustea mingarria da», aitortu zuen auzapezak.

Antzeko hitzak izan zituen Medellineko Elkarte Historikoak, herriko kultura ondarearen alde lan egiten duen taldeak.

Haien iritziz, «ekintza koldar eta antidemokratikoa da, anonimotasuna erabiliz, ideia, argudio eta ikuspuntuak defendatzeko bide demokratikoei uko egiten diotelako». Margoa kentzeko egin beharreko gastua ere gogora ekarri zuen elkarteak.

Futbola

Erasoa, Mexikoko eta Estatu espainoleko futbol selekzioen arteko partida jokatzen ari zela gertatu zen, eta egileek azaldu zutenez, horregatik gaineratu zuten kolore gorria, espainolen kamisetari aipamena eginez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo