Frantziarraren lehen entrenamendua
Griezmannen gogoa eta ilusioa iritsi dira Zubietara
Bestalde, Donostian jokatzeagatik «oso pozik» dagoela adierazi zuen Raul Tamudo aurrelari katalanak.
Imanol CARRILLO
Ezusteko polita izan zuen asteazkenean Martin Lasarte Realeko entrenatzaileak. Izan ere, bere taldekideekin entrenatu ez bazen ere, Antoine Griezmann jokalari gaztea Zubietan agertu zen -egin behar zuena baino egun batzuk lehenago- entrenatzen hasteko gogotsu zegoela adierazteko. Eta hala izan zen, frantziarra atzo bertan hasi zen lanean, bere selekzioarekin 19 urte azpiko Europako txapelketa irabazi eta opor labur batzuekin gozatu eta gero.
Faktore ugari aipatu litezke erabaki honen arrazoia azaltzeko. Jokalariak berak adierazi zuenez, berriro jokatzeko «gogotsu» dago. Beraz, hori izan daiteke lehenago etortzeko bultzada eman dion arrazoirik garrantzitsuena.
Bere gaztetasuna eta Lehen Mailan jokalaririk onenen aurka aritzea ere arrazoien artean dagoela nabarmendu zuen Maeconeko jokalariak. Izan ere, «nire maila zein den ikusi nahi dut onenen aurka jokatuz», adierazi zuen.
Hala ere, gaztetasunari eta gogoei, agian, beste arrazoi bat gehitu beharko litzaioke: taldekideen arteko lehia. Aurreko denboraldian, eskaini zuen maila bikainarengatik, Griezmannek ez zuen lehiakiderik eduki hasierako hamaikakoan jokatzeko. Baina, aurten, Paco Sutil fitxaketa oso maila ona ematen ari da aurredenboraldiko neurketetan, eta Martin Lasartek berak adierazi izan du harrituta dagoela Eibartik etorritako jokalariaren mailarekin.
Beraz, gauzak horrela, entrenatzaile uruguaitarrak talde osoarekin lan egin ahal izan zuen atzokoan lehendabiziko aldiz. Hala ere, gutxienez beste bi jokalari berri etor litezke oraindik Realera. Udan gehien entzun diren izenak Diego Ifran uruguaitarrarena eta Demidov errusiarrarena izan dira. Bigarren hori, Rossenborgek eta Realak akordioa orain lortzen ez badute, neguko merkatuan ere etor liteke.
Tamudoren «urduritasuna»
Atzoko beste protagonista Raul Tamudo aurrelaria izan zen. Espanyolen urte askotan jokatu eta gero doan iritsi den jokalariak azaldu zuenez, oso pozik dago Donostian jokatzeagatik.
Halaber, etorri zenean taldean eta jokalariengan zeukan itxaropena «gaindituta» dagoela azpimarratu zuen. Katalana ez dago, ordea, bere taldekideen sasoi berean, bi aste beranduago hasi baitzen lanean. Hala, aparteko ariketa fisikoarekin «galdutako denbora berreskuratzen» dagoela adierazi zuen. Azkenik, esperientzia handiko jokalaria bada ere, Liga «urduritasunarekin, eta jokatzeko gogoz» hasiko duela nabarmendu zuen.