Proposamen berria helarazi dio Porrontxoetako Jai Batzordeak Odon Elorzari
Tejeria kaleko txosnak kendu eta Plaza Berrin karpa bat jartzeko proposamena plazaratu zuen atzo Porrontxoetako Jai Batzordeak. Bestalde, Sin-Totxa mugimendua Aste Nagusian ere izango dela iragarri zuten.
Yuri AGIRRE | DONOSTIA
Porrontxoen 30. urteurrenean, «oztopoen gainetik aurtengo festak inoiz baino hobeak» izango direla azaldu zuten atzo Porrontxoetako Jai Batzordeko kideek. Sin-Totxa mugimenduaren bereizgarri bihurtu diren sudurrak soinean Donostiako udaletxe aurrean egin zuten prentsaurrekoan, adin guztietako egiatarrek Udalari «akordio batera iristeko proposamena» luzatu zioten.
Udalak «gatazkaren iturburutzat» duen Tejeria kaleko txosnak kendu eta Plaza Berrin karpa bat jartzeko proposamena plazaratu zuten Jai Batzordeko kideek prentsaurrekoan, «baina betiere ordutegiak zentzuzkoak izanik. Egoera hobetzeko konpromiso garbia dugu», gaineratu zuten.
Ekhiñe Atorrasagasti Jai Batzordeko kideak azaldu zuen ez direla ari «beste munduko ezer» eskatzen. «Aste Nagusian, Jazzaldian edota aurten porrontxoekin batera izango den Zinemaldian tabernek izaten dituzten ordutegiak ikusita, urtean bi gau besterik izaten ez diren festetan ordutegien gorabeherekin horrelako zalaparta egotea ulertezina egiten zaigu», adierazi zuen.
Udalarekin tirabirak «atzoko kontuak» ez badira ere, aurten «nabarmenagoak» izan direla aitortu zuen Atorrasagastik. «Dirudienez porrontxoak ez dira Odon Elorzaren gustukoak, eta urte luzez izan ditugun arazoetatik aurtengo egoera gordinera iritsi gara». Azaldu zuenez, «oso larria iruditu zitzaigun Udalak dantzaldia egiten ere ez uztea».
Udalaren jarrerak Sin-Totxa mugimenduaren sorrera ekarri duela gogorarazi, eta mugimendu honek hartu duen indarra nabarmendu nahi izan zuen. Ekainaren 26an «A-Totxako manifestua» aurkeztu zutenetik, «Sin-Totxa mugimenduak egin dituen ekimenak oso arrakastatsuak izan dira. Donostiako estatua guztiak sudurra jantzita agertu zirenean, esaterako, sekulako oihartzuna izan zuen».
Gainera, teknologia berrien erabileraz, sudurgabeen mugimenduaren bultzatzaile izan den www.porrontxojaiak.org web orriak «sekulako parte hartzea» izan duela adierazi zuen. Adibidetzat, 500 pertsonak bidali dutela web orrira beren argazkia, Sin-Totxa mugimenduaren aldarri den sudurra jarrita erakutsiz. Besteak beste, Mikel Aranburu eta Eñaut Zubikarai Realeko jokalariak, Txan Magoa, El Drogas Barricada-ko abeslaria edota Doctor Deseoko kideek jantzi dute Porrontxo jaien aldeko «totxa».
Bestalde, web orriaren bidez Euskal Herriko toki askotan Egiako jaien inguruan gertatzen ari denaren berri izaten ari direla nabarmendu zuen Jai Batzordeko kideak.
Datozen asteetan ere, Sin-Totxa mugimenduak ez du «amore emateko asmorik», azaldu zutenez. Aste Nagusian, esaterako, porrontxoak egingo direla aldarrikatzeko sudurra jarrita «han eta hemen» azalduko direla iragarri zuten. Herritarrei deia egin zieten, Aste Nagusia «sudurra jarrita gozatzeko».
Gainera, Sin-Totxa mugimendua ez da porrontxoak babestu dituen talde bakarra izan. Egia auzoko 112 merkatarik, esaterako, auzoko jaiak babesteko testu bat sinatu zuten abuztu hasieran.
Oztopoen aurrean indartuz
«Sarri, Udalak tirabirak festak desgastatzeko sortzen dituela ematen du. Bada, gure kasuan, porrontxoek inoiz baino indar gehiago hartzeko balio izan dute Udalaren oztopoek», adierazi zuen Atorrasagastik.
Aurten Egiako Porrontxo jaien 30. urteurrena izanik, «kontu berriak» proposatu dituztela azaldu zuen. Besteak beste, aurtengoan Porrontxo jaien abestia egin dute. «`Sudurkumeen kunbia!' aurtengo udako abestia bihurtuko dela uste dugu!», adierazi zuen Jai Batzordeko kideak. Horrez gain, egunotan abestiaren bideoklipa grabatzen ari direla ere azaldu zuen. Aurtengo porrontxoetarako I. Sagardo Eguna, akelarrea edota koadrilen igoera antolatu dituztela ere iragarri zuen.
Sin-Totxa mugimenduaren bereizgarri diren sudurrak jantzita jada bostehun argazki baino gehiago bidali dituzte porrontxoen web orrira, tartean pertsona famatu ugariren argazkiak.