GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Goizuetarrek gaur arratsaldean hasiko dute besta, Gazte Egunarekin

Txupinazo ofiziala bihar jaurtiko duten arren, gazteek bezperan hasiko dute jaia. Gaur arratsaldeko zortzietan botako dute gazte txupinazoa gaztetxetik, eta gauean Tximeleta dantza taldeak girotuko du herria.

p016_f02.jpg

I.A. | GOIZUETA

Gazte Eguna ospatuko dute gaur goizuetarrek. Suziria arratsaldean botako dute gazteek, baina goiz partetik hasiko dute jaia herrian. 12.00etan gaztetxean izango den bideo emanaldiari jarraituko dio tabernetan barrena herriko trikitilariekin egingo duten triki-poteoak. Ondoren, gazte bazkaria izango dute, eta txupinazoa baino lehen, koadrilen arteko jinkana egingo dute, «joko xelebreak». Zo Zozongo batukadak eta Tximeleta dantza taldeak emango diote amaiera egunari.

Hala ere, jaiei hasiera ofiziala emateko itxaferoa bihar botako dute Guraso Elkartekoek. Txupinazo egunean egitaraua eskas geratzen zelako hasi ziren Gazte Eguna ospatzen, eta goizuetarrentzat ezinbestekoa bihurtu da jada egun hori.

Abuztuko Ama Birjinaren bestek hilaren 19ra bitartean iraungo dute, eta herriko erakunde gehienei esker eratutako egitarau oparoaz gozatzeko aukera izango dute.

Egunik garrantzitsuena, eta goizuetar askorentzat polittena Ama Birjinaren eguna da, aurten igandean datorrena. Tolosako dultzainero, entzierro eta mezarekin hasiko dute eguna. 12.00etan herriko txistulariak herriko karriketan barrena ibiliko dira erraldoi eta buruhandiekin batera. Ondoren, Goizuetan ezinbestekoa den lehenengo mailako afizionatuen arteko pilota partida. Igandea izeneko fanfarrea ere ezin falta, ezta bertso saioa ere, 19.30ean, egungo bertsolari onenetarikoekin: Julio Soto, Maialen Lujanbio, Sustrai Kolina eta Iker Zubeldia.

Gauean, iaz 50. urteurrena bete zuen Umore Ona elkartean, euskal preso politikoen aldeko afaria egingo dute, baita kalejira ere, argi utzi nahi dute aurtengo Ama Birjinaren bestetan beraiekin egon ezin diren guztiak gogoan dituztela. Egun handiari amaiera emateko, Haitzama taldeak joko du, eta gauero bezala, Igandea fanfarrea kaleak girotzen ibiliko da.

Datozen egunetan

Ia astebete iraungo duten jaietan denetarik egiteko aukera paregabea izango da Goizuetan.

Bihar, itxaferoa botata, trikitilari, erraldoi eta buruhandiak emango dute festaren berri herrian. Ondoren, euskal preso politikoen aldeko brindisa egingo dute Etxeraten txosnan, eta arratsaldeko zazpietan, herrian oso ezaguna den Umore Ona peñaren irteera egingo dute.

Astean zehar ez dira lehenengo mailako afizionatuen pilota partidak faltako, ezta Lasturko ganadutegiko zezenak ere. Igandea fanfarreak ere egunero biziki alaituko ditu herriko izkina guztiak. Asteartean, 16.30ean VII. Mus Txapelketa egingo dute Ixkibin. Ostegunean, berriz, 12.00etan, Gipuzkoako eta Nafarroako sagardogile onenen eskutik, sagardo probaketa egingo dute plazan. Arratsaldean haurrentzat sorpresa izango da eta Toka txapelketa, eta horrekin amaituko dira jaiak.

Gauero dantzaldiak izango dira plazan: bihar eta igandean Haitzama taldearekin, astelehenean Laket taldearekin, eta gainerakoan, Laiotz taldearekin.

Pilota partidak

Hainbat pilota partida ikusteko aukera izango da astean zehar, besteren artean: O. Apezetxea-Galarraga, Azpiri-Landaburu, Apezetxea-Cecilio, Cabrerizo- L. Galarza edota Renobales-Zubiri.

peñaren eguna Tradizio handiko eguna da Goizuetan, ator berde eta txuriz jantzita, kalejiran ibiltzen dira fanfarrearekin, eta errekan bukatzen dute. Aurtengo Peñaren Eguna asteazkenean izango da, hilaren 18an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo