Euskal Herria jaietan
Guraso Elkarteko kideek botako dute bihar itxaferoa
Besten hasiera ofiziala bihar izango da Goizuetan. Guraso Elkarteko kideek hartuko dute bere gain itxaferoa botatzeko ardura. «Oso urduri» dabiltzan arren, harro daude aurtengoan dute protagonismoagatik. Sei lagun ari dira lanean elkarteko batzordean eta herriko beste hainbat erakunderekin eratzen dituzte urte osoko ekitaldiak. Aurten, urtero lez herriko elkarte guztien artean antolatu dituzte jaiak eta aurrekontua apur bat txigiagoa izan arren, ez da nabarituko.
Izaro ARBILLA |
Iazko bestetan hasierako suziria botatzeaz Umore Ona peñaren arduratu zen, eta aurtengoan, berriz, Guraso Elkarteko kideek herriari egiten dioten ekarpena eskertzearekin batera, haien esku geratuko da abuztuko Ama Birjinaren besten hasiera ofizialki iragartzea. Beraz, eta ofizialki, goizuetarrek bihar jantziko dute kamiseta txuria eta ia aste osoan kenduko ez duten ator berdea.
«Herritarrek herriarekiko duten jarrera nolabait eskertzeko erabiltzen dugu txupinazoa Goizuetan», azaldu zuen Fernando Goia Kulturako zinegotziak. «Iaz, adibidez, herrian oso maitatua den Umore Ona peñaren sortzaileek bota zuten, 50. urteurrena betetzearekin batera».
Nafarroako herri ttiki honetan ez dute nolanahiko besta modurik nahi, «ahal den neurrian» egitaraua betea prestatzen saiatzen dira. Aurrekontua apur bat gutxitu egin dute, 45.000 eurokoa baita aurtengoa. Ez da gutxi, 800 biztanleko herrian. Fernando Goiaren hitzetan, herriak badauka bestetako tradizioa, eta hori mantendu beharra dago. Aurtengoan ere Gipuzkoako jendea espero dute batez ere, Nafarroatik gutxiago iristen baitira. Hernanira, adibidez, autobus zerbitzua jartzen dute urtero.
Aurrekontuaren murrizketa fanfarrearen jardunak nabarituko du batez ere. Umore Ona peñaren eguneko bezperan, 04.00etan atera ohi zen fanfarrea kentzea erabaki dute. Peñaren Eguna herritarrentzat egun berezia izanik, bezperan goiz etxeratzen ziren gehienak, eta fanfarrea jarraitzaile gutxirekin geratzen zen.
Egun horretan, hilaren 18an fresko irteten dira herritarrak, eta urtero 200 lagun inguru elkartzen dira Umore Ona peñaren bazkarian. Gero, atorrekin kalejiran ibilita, errekan bukatzen dute. Goizuetako bestetan tradizio handiko eguna da.
Pozik, eta era berean urduri
Irune Zabala, Igor Elizegi, Izaskun Bakero, Pili Apezetxea, Idoia Aranburu eta Jose Luis Apezetxeak osatzen dute Gurasoen Elkarteko batzordea. Guztira 40 familia inguruk diardute bertan.
Goizuetan hainbat elkarte aritzen dira era bateko zein besteko ekimenak aurrera ateratzeko, hala nola Gazte Asanblada, Umore Ona elkartea, Gestorak eta Guraso Elkartea daude.
Gaztetxoentzako ekintzez arduratzen da Guraso Elkartea. Aspalditik ari dira herrian haur eta gazteentzako kultura ekitaldiak antolatzen: Olentzero gaua, Kabalgata, Inauteriak...
Herrian duten garrantzia aitortzeko eta betetako lana eskertzeko eskatu zieten itxaferoa botatzeko. Umeentzako prestatzen dituzten jarduerak ezinbestekoak bihurtu baitira herrian.
«Oso pozik gaude, eta era berean urduri», azaldu zuen Izaskun Bakerok. Elkartea momentu onean dago eta hala jarraitzea espero dutela dio: «Herrian gaudela nabaritzen da, batez ere ematen diogun biziagatik».
Iragarpen ona beraz, ofizialki bihar hasiko diren Goizuetako Ama Birjinaren jaietarako.
Sei lagunek osatzen dute Goizuetako Guraso Elkartea; Irune Zabala, Igor Elizegi, Izaskun Bakero, Pili Apezetxea, Idoia Aranburu eta Jose Luis Apezetxea. Guztiak igoko dira bihar udaletxeko balkoira.
Aurtengo aurrekontua apur bat txikiagoa da, beraz hilaren 17ko gauean ibili ohi zen fanfarrea kentzea erabaki dute. Hala ere, gainerako egunetan Igandea fanfarrea ez da faltako herriko karriketan barrena.