GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Adierazi Euskal Herria ekimenaren kantua sortu du Bihotz Bakartien Klubak

GARA | BILBO

Adierazi EH-k, eskubide zibil eta politikoen aldeko ekimen herritarrak, badu jada bere kantua. Bihotz Bakartien Klubak sortu du eta «euskaldun libre izan gura duten guztiei» deia egiten die, horretaraxe, adieraztera.

«`Adierazi Euskal Herria' kantuaren berbak euskaldunon kopla zaharren moldean idatzi ditugu, Mauriziak kantatzen zituen eran. New Orleanseko esklabo beltzek, ugazaba zuriaren latigopean kotoia biltzen zutela kantatzen zituzten kantuen swing ahairea ere badu. Edo frantziarrek okupatutako Dakarreko jazz-klubetako arrastoa. Eta duela 25 urte San Fermin egun batez Joseba Sarrionandiak eta Iñaki Pikabeak españolei ihes egin zietela ospatzeko Kortatu taldeak sortutako kantuaren rock doinua», azaldu dute kantuaren egileek.

Hitzak eta musika Gotzon Barandiaranek sortu ditu eta ahotsa eta ukelelearekin hartu du parte kantuaren grabaketan. Gainerako musikariak honakoak izan dira: Alex Arregi (gitarra akustikoa eta ahotsa), Aintzina Lekue (biolina), Gorka Chamorro (bateria), Gorka Erzilla (gitarra elektrikoa), Gorka Mugarza (eskusoinua), Itsaso Etxebeste (baxua), Itziar Castrillo (saxoa) eta Nerea Urbizu (ahotsa).

Kantua Amorotoko Musikorta estudioan grabatu, nahastu eta masterizatu dute, 2010eko ekainaren 28tik uztailaren 6ra bitartean eta Jota arduratu da grabazio, nahasketa eta masterizazio teknikari lanez.

Bihotz Bakartien Klubeko kideek, bide batez, ekimen honetara atxikitzeko gonbita luzatu dute. Horretarako gainera, www.adierazieh.com atarian sinatu daiteke. Kantua ere helbide horretan bertan izango da laster entzungai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo