Lapurdiko arrantzaleak, legatzaren auzian, ministroari laguntza eske
Nekazaritza eta Arrantza ministro frantsesarekin bildu zen atzo Lapurdiko Arrantza Batzordeko lehendakaria. Lekuko arrantza jarduerak dituen arazo nagusiez jardun zuten, besteren artean, atun gorriaren eta legatzaren kuotei buruz. Atlantiar isurialdeko arrantzaleek legatzarenak ez dituztela errespetatzen azalduta, «berdintasunezko tratua» eskatu zioten ministroari. Arrantza ministro espainolarekin izango duen bileran gaia aipatuko diola agindu zuen Le Mairek.
A. MANTEROLA |
Iazko udan egin zuen bezala, Bruno Le Maire Estatu frantseseko Nekazaritza eta Arrantza ministroak Ipar Euskal Herrian oporretan dagoela profitatuz, bilera egin zuen Donibane Lohizunen, Lekuko Arrantza Batzordeko ordezkari Serge Larzabalekin. Bileran, batez ere, bertako arrantzaren gorabeherez aritu ziren, Peyuco Duhart herriko auzapeza ere bertan zela.
Legatzaren auzia izan zen bereziki aipatua. Izan ere, azken hiru urteotan «harremanak asko hobetu» direla aitortu badute ere, Lapurdiko arrantzaleak ez dira pozik Atlantikoko isurialdeko arrantzaleen jarduerarekin. «Gai nahiko korapilatsua da legatzarena. Arrantzale espainolek onartutako kuotak gainditu egiten dituzte eta horrek merkatuko prezioen gainbehera dakar. Gure itsasontzi txikientzat jokamolde hori oso kaltegarria da eta horixe jakinarazi diot ministroari. Berdintasunezko tratua eskatu diot», adierazi zuen Larzabalek.
Arrantza ministro espainolarekin elkartuko delarik, Le Mairek arazoa mahai gainean jarriko diola agindu zuen.
Alta, ez zen hori izan aztertutako gai bakarra. Atun gorriaren aferak eta, batik bat, iaztik ezarritako kuoten jaitsiera orokorrak (%-40) oso eragin kaltegarria izan du Ipar Euskal Herriko arrantza-portuetan. 17 metro baino gutxiagoko ontzientzat kuota berezi bat agindua zen, baina «zenbait arrazoi medio», euskal arrantzaleei ez zaizkie oraindik aplikatu. «Egun, arrantza-ontzi bakoitzak 5 eta 9 tona artean harrapa ditzake baina, egiaz, lau bider gehiago beharko lituzke lana bideragarria izateko. Aurten, Parisen bilduko da ICAT (mundu mailan atun gorriaren arrantza erregulatzen duen erakundea) eta gaia orduan mahaigaineratzekotan gara», esan zuen Larzabalek, espezie horren arrantzako estatu-batzordeko buru denak.
Angularen arrantza
Ibaietako arrantzak ere izan zuen tarterik ministroarekin izandako bilkuran. Zehazki, Aturriko bokaletik landa hartzen den aingira eta angularen auzia aztertu zuten. Larzabalek adierazitakoaren arabera, angula babesteko neurriak hartu zirenetik, ontzi batzuek beren jarduera behin betiko uzteko plangintza bat ezarri zen plantan baina, laguntzak eskuratu ahal izateko finkatutako irizpideak ez ditu bertako inork betetzen. «Irizpide nazionalak hartu dira kontuan eta azken bi urteetan arrantzatutako pisuaren arabera finkatu dira. Alta, hemen oso urte txarrak izan dira. Irailaren erdialdera gaia jorratuko dugula adostu dut ministroarekin eta lekuko errealitatera egokitzeko aukerak aztertuko ditugu», gaineratu zuen Larzabalek.
Duela urte batzuk 70 ontzi ibiltzen ziren angula hartzen Aturrin. Egun, 45 ontzi dabiltza eta horietatik 15 batek jarduera uzteko asmoa azaldu dute. Asko erretiratu egingo dira eta gainerakoek, berriz, itsasoko arrantzari ekingo diote.
Orotara, Baionako itsas barrutian 155 itsasontzi daude egun, eta horiek 850 bat lanpostu zuzen sortzen dituzte. Aturri ibaian, berriz, 45 ontzik egiten dute arrantza, baina 15ek laster utziko dute jarduera hori.
Azken asteotan esnearen prezioen inguruan izan diren liskarrak aipagai izan zituen Bruno Le Maire ministroak. Bere esanetan, «bestelako sistema ekonomikoa» behar da, «ezinezkoa baita hiru hilabetero enpresaburuak eta ekoizleak talkan ibiltzea».
Nekazaritza modernizatzeko onartu berri den legeak aldez aurretiko kontratuak, prezio zehatzarekin, egitea ahalbidetuko duenez, Le Mairek esparruko arazoei «irteera egokia» emango diela uste du. Halere, Europa mailan «erregulazio orokorra» adostea ezinbestekotzat jo du. A.M.