GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Gabi Basañez Askapeneko kidea

Preso politiko maputxeak: hilabetez gose greban

 

Ez da lehen aldia preso politiko maputxeak gose greban direna. Aspaldi ekin zioten borroka tresna hori erabiltzeari. Harritzekoa izan daitekeena da bai 2006an bai 2008an egindako gose grebak aldarri berberen alde egin izana: maputxe komunitateen desmilitarizazioa eta lege antiterroristaren deuseztatzea.

Pinochet Gobernutik joan, eta «kontzertazio» gobernuak egon izan dira hamarkada luze batez Txilen, sozialdemokratak. Oraintsu, berriz, Piñeira eskumako presidentea heldu berri da. Eta Gulumapun (Txileren administraziopeko lurraldean) maputxe herriarentzat ez da egoera aldatu: euren kultur izaeraren eta burujabetzaren alde diharduten komunitateetan (sendiez osatutako auzo edo herri txikiak) behin eta berriro Poliziaren sarraldiak, bertako pertsonak iraindu, kolpatu, eraman, kartzelatu... Bachelet andrearen azken Gobernu «aurrerakoiaren» emaitzetako bat ume maputxeak torturatzearen salaketa jasatea izan da. NBEk ere publikoki agertu zuen horren inguruko kezka. Bestalde, gero eta ohikoagoa bilakatzen ari da Txileko karabineroen razzia horietan asaldatzen duten komunitateko autoritate espiritualak erasotzea.

Beraz, maputxe komunitateei Txileko Gobernutik egurra datorkie beti, kolore batekoa zein bestekoa izan.

Gaur Txilen indarrean den Lege Antiterrorista Pinocheten Gobernuak egindakoa da, nahiz eta Aylwin presidentearen sasoian aldaketa batzuk egin zitzaizkion. Pinocheteren Lege Antiterrorista hori maputxeei soilik aplikatzen zaie gaur egun, maputxeen aurkako gerra tresna bihurtua. Hori deusezta dadin ere aldarrikatzen dute.

Preso politiko maputxeen kolektiboa sano handitu da azken bi urteotan; gaur egun 60 bat dira Txileko sei kartzelatan sakabanaturik. 2010eko uztailaren 12an ekin zioten gose grebari eta hilabetea gainditu dute dagoeneko.

Aipatzekoak dira hilabetean zehar behin eta berriro Gulumapun sortu diren mobilizazioak, Puerto Montt, Osorno, Temuco, Valdivia, Concepcion, Angol, Santiago, batez ere erakunde maputxeen eskutik. Gose grebak aurrera egin ahala, mobilizazio baketsu horietako batzuk gogor jazarriak izaten ari dira. Osornokoan, esaterako, giza kate batean 16 maputxe atxilotu, iraindu eta komisaldegira eraman zituzten. Nazioarteko komunikabideetan inoiz baino arreta handiagoa izaten ari den bitartean, Txilen bertan komunikabide garrantzitsuenak borrokaldia isilarazten saiatzen dira.

Garrantzitsua ematen du, halaber, instituzionalki ematen ari den erantzunak. Navarro senatari txiletarrak duela bi aste bisitatu zituen grebalariak, euren aldarrikapenekin bat eginez. Bestalde, herenegun oposizioko diputatu talde batek justizia militarra soilik militarrei aplikatua izan dadin lege proposamena aurkeztu zuen Txileko Kongresuan. Gose grebalarien beste aldarrikapen batekin bat egiten du ekimen horrek, justizia militarra desagertzea. Izan ere , maputxe gehienak bi aldiz epaitzen dituzte, batean justizia zibiletik eta bestean militarretik. Harrigarria bada ere, lege- hauste bat eginda, bi kondena jaso ditzake maputxe batek.

Suediako parlamentari talde batek ere bat egin du preso politiko maputxeen aldarrikapenekin. Era berean, Txileko Torturaren Aurkako Batzorde Etikoak (CECT) publikoki gogorarazi du presoen aldarrikapenak bat datozela NBEk hartutako erabakiekin, Wallmapuren okupazio txiletarrak dakarren aferari buruz.

Txileko Gobernuaren ingurunetik, baina, argi eta garbi adierazi dute ez dutela gose grebalarien presioa onartuko eta ez dutela haiekin elkarrizketarako biderik sortzeko asmorik. Jaso duten beste erantzunetako bat maputxeen aurkako borroka gidatzeko eliteko polizia aparatu berria sortuko dutela izan da.

Gose grebalarietako batzuek Espainiako Gobernuari eskakizun bat egin diote, Kubako presoen kasuan egin bezala, bide diplomatikoa jorra dezan beraien kasuan ere. Orain arte ez da erantzunik izan horren inguruan.

Izan ere, maputxeak ez dira yankien zerbitzura dabiltzan mertzenario kartzelatuak. Ez eta ezkerreko mugimendu klasikoa ere. Gainera, lurraren seme-alabatzat dute beren burua, eta lurra amatzat. Ondorioz, ez dute munduko gobernu askoren laguntza izango, oraindik erregaietan oinarritutako produkzio sistemaren gatibu den ezkerraren laguntza txikia izan dezake, eta multinazionalen aurkakotasun osoa.

Euren indarrean sinistu behar eta sinisten dute, bereziki, Argentina eta Txile estatuen pean erdi itorik dituzten ia hiru miloi pertsonako Maputxe Herriaren aldeko borrokalariek, Europako ezkertzaleei hausnarketa garrantzitsua eragin diezaguketenak. Lurra, hizkuntza, kultura eta batera berdintasunean bizitzearen behar eta ederra.

Preso politiko maputxeak erakusten ari diren duintasunari eta indarrari lagun diezaiogun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo