GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Zinemagileen txinpartek piztuko dute Donostia festan murgilduko duen sua

Bost zinemagile gipuzkoar izango dira gaur, 19.00etan, «Artillero dale fuego» abestuz astebete luze iraungo duten Donostiako festei hasiera emango diotenak. Donostiako Piratek nahiz Udalak antolatuta, adin tarte guztientzako ehunka ekimen izango dira datozen egunetan. Gaur gauean, esterako, Bebe, Ze Esatek! eta Sorkun & DJ Pataren kontzertuak izango dira La Flamenka jai gune herrikoian.

p016_f01_312x123.jpg

Yuri AGIRRE |

Bost zinemagile gipuzkoar izango dira «Artillero dale fuego» abestuz, gaur, Donostiako Aste Nagusiari hasiera emango dioten pregoilariak. 19.00etan, Musikalis abesbatzak lagunduta, Borja Kobeaga, Pablo Malo, Jon Garaño eta Ione Hernandez donostiarrek eta Jose Mari Goenaga ordiziarrak aipatutako abestia kantatuko dute eta artillero nagusiak kañoikada botatakoan, donostiarrak astebete baino gehiago iraungo duen festari helduko diote.

Hala ere, kañoikadaren aurretik ere izango da motorrak berotzen hasteko abagunerik. Ordubete lehenago, hiriko hainbat lekutan musika ikuskizunak abiatuko dira, eta guztiek ere Alderdi Ederreko lorategia izango dute helmuga. Bertan elkartuko dira beraz donostiarrak

Kañoikadaren ondoren, berriz, donostiarren gerriak dantzan jarriko ditu Gertrudis talde katalanak. Rumba, reggae eta cumbia nahasten dituen talde hau Bulebarraren eta Hernani kalearen artean jarri duten agertokian arituko da. Egarria asetzeko barra bat ere izango da bertan.

Kontzertu piratak

Zerua iluntzen hastean, berriz, Donostiako Piratak Trininate plazan lehorreratuko dira. Hasiera indartsua izango da, 20.30ean Ze Esatek!, Sorkun & DJ Pata eta Bebe taldeen kontzertua izango baita Piraten topagune izango den plazan. Azken asteotan, Interneten Bebe abeslari extremadurarra UPyD alderdiarekin lotzen zuten zenbait zurrumurru agertu ondoren, Bebek argi utzi nahi izan du ez duela «inongo lotura ideologikorik» Rosa Diez buru duen alderdiarekin. Gainera, Donostiako Udalak egitarau ofizialean parte hartzeko egin zion «eskaintza ekonomiko hobeari uko egin eta Donostiako Aste Nagusi herrikoia aldarrikatzen dutenekin bat egitea» erabaki zuela azaldu du abeslariak.

XVIII. mende hasieran kortsarioen topagune zen ostatua, hots, La Flamenca -Fermin Calbeton kalean zegoena- gogora ekarriz, aingurak askatu, eta Trinitate plazan lehorreratu dira aurtengoan Donostiako Piratak. «Zortzi urteko harrapaketa neketsuaren beharrez lortu dena, herritar guztien konplizitatearekin partekatu» nahi dute Piratek. Jai herrikoien aldeko suziria eskuan, Ezkila kapitaina buru dutela, adin guztietako herritarrentzako egitaraua osatu dute Piratek.

Festarako ez ezik, aurtengoan ere izango da aldarrikapenerako tarterik Aste Nagusian. Alde batetik, herritarrek «Euskal Herriaren eskubideen alde» deitutako manifestazioa abiatuko da gaur, 17.30ean, Boulevardetik. Biharko, bestalde, Askekintza Liberacción Animalista erakundeak zezenketen aurkako eta animalien eskubideen aldeko manifestazioa deitu du. Hitzordua, 18.00etan, Boulevardean jarri dute.

Euskal Herrian Euskaraz eta Bai Euskal Herriari herri ekimenek elkarretararatzea antolatu dute datorren abuztuaren 20rako udaletxe aurrean. Hitzordua 18.30ean izango da eta bertan espainiar bandera ezarri izana eta euskararen bazterketa salatuko dute.

La flamenka

«Zortzi urteko harrapaketa neketsuaren ondoren», lehen jai gune herrikoia lortu dute Piratek: Trinitate plaza La Flamenka bihurtu dute, XVIII. mende hasieran kortsarioen Donostiako elkargune zen ostatua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo