GARA > Idatzia > Kultura

Iñaki Salvador, BBK Jazz jaialdiaren lehen edizioko gonbidatuetako bat

p041_f02_88x88.jpg

GARA | BILBO

BBK aretoak Bilboko erdigunean eskaintzen duen kultura eskaintza zabala jazzarekin abiatuko da, lehenengo nazioarteko BBK Jazz jaialdiarekin hain zuzen ere. Jazz munduan sona handia duten artistak eta artista berriak batera arituko dira irailaren 10, 11, 17 eta 18an egingo den jaialdi honen lehenengo edizioan. Saio bikoitzak egingo dira, 20.00etan eta 22.00etan hain zuzen.

Carlos Velasco eta Joshua Edelmanen laukoteak emango dio hasiera jaialdiari. Bi artistok ibilbide luzea egin dute musika munduan eta hainbat sari jaso dituzte.

Irailaren 10eko bigarren saioan, Iñaki Salvador donostiarraren Nonetoa arituko da. Salvador piano-jotzaile, moldatzaile eta jazz musikagile ezaguna da. Estilo honetan Estatu espainoleko musikagile garrantzitsuenetakoa da, eta nazioarteko jazz artista askorekin aritu da, besteak beste, Jesse Davis edota Allan Skidmorekin.

Gainerako saioetan, Teresa Zabalza piano-jotzaile nafarra buru duen boskotea, Jon Robles gasteiztarra, Mikel Bikandi gitarra-jotzaile eta musikagile zornotzarraren laukotea edota Gorka Benitez bilbotarraren laukotea ikusteko aukera izango da beste batzuen artean.

BBK Jazz jaialdiaren lehenengo ekitaldiari amaiera emateko, irailaren 18an, Funk Collective eta Victor eta Juan de Diego anaien ikuskizuna izango dira aretoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo