GARA > Idatzia > Kultura

Marta Zabaleta eta Miguel Borges pianisten emanaldia eskainiko du Hamabostaldiak asteburuan

Donostiako Musika Hamabostaldiak, Txillida Leku museoko kontzertuen artean, Marta Zabaleta eta Miguel Borges piano-jotzaileen kontzertua eskainiko du asteburu honetan.
p041_f01_97x80.jpg

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Asteburu honetan kultur ekitaldi ugari izango dira Donostia aldean. Aste Nagusia hasiko da gaur eta jaietako kultur eskaintzak Musika Hamabostaldiarekin bat egingo du.

Hamabostaldiak Txillida Lekun antolatutako beste kontzertu bat eskainiko du bihar. Hain zuzen, Marta Zabaleta eta Miguel Borges piano-jotzaileek emango duten kontzertua.

Bi musikariek, lau eskutara, Robert Schumannen obrari eskainitako programa bat aurkeztuko dute. Musikagilearen pianorako errepertorioko hiru obra nagusi interpretatuko dituzte; «Fantasiazko piezak op. 12», «Kreisleriana op. 16» eta «Bilder aus Osten op. 66» hain zuzen ere.

Marta Zabaleta Legazpin jaio zen eta Donostiako Kontserbatorioan egin zituen ikasketak. Miguel Borges, bestalde, Porton jaio zen (Portugal) eta Portoko Musika Kontserbatorioan egin zituen bereak. Portugalgo hainbat orkestrarekin aritzen da elkarlanean eta ganbera-musikako errezitaldiak ere eskaintzen ditu beste musikagile batzuekin, hala nola Marta Zabaletarekin.

Astelehenean hiru ekitaldi eskainiko ditu Musika Hamabostaldiak. Alde batetik, Sendagileen Elkargo Ofizialean Chopin eta Mahlerri buruzko musika-proiekzioak emango dira, beren giltzarri nagusiak eskaintzeko asmoarekin. Bestetik, Easo Abesbatza Orioko Bariko San Nikolas parrokian izango da iluntzeko zortzietan, Txaikovski, Rimski-Korsakov eta Rachmaninov interpretatzen. Azkenik, Biarritzeko Kasinoko Auditoriumak Bertrand Chamayou pianista hartuko du 20.30ean. Liszt-en, Frack-en eta Faure-ren obrak interpretatuko ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo