GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Kosovok 1, Espainiak 0

 

Ez da futbol partida baten emaitza. Ez naiz inolako kirolez ari, politikagintzaz baizik, nazioarteko esparruan. Oraingoan, harrigarria izanik ere, txikiak menderatu du handia. Egia esan eta Kosovoren independentzia aldarrikapena babesten zuten batzuk aintzat hartuta, Espainiak bestelako bidea har zezakeen, baina zuzen-zuzen joan da erabaki horren kontra.

Espainiaren ustez, Kosovok ezin zuen independentzia aldarrikatu. Zur eta lur gelditu ziren Espainiaren barne arazoak ezagutzen ez zituztenak espainiarren joera bortitzaren berri izan zutelarik. Hori bai amorrua! Ez da, bada, Espainia serbiarren aldekoa!

Arrazoiak bilatzeko ez da Balkanetara jo behar, alta, penintsulara baizik. Kosovo entzun eta Katalunia edo Euskal Herria ulertu. Finean, espainiar nazionalisten ikuspegitik denak balio du herrien independentzia eskubidea urratzeko, erabakitzeko ahalmenaren gainetik legaltasun mugiezinak daudelako.

Horixe sinetsarazi nahiko ziguten, baina Kosovoren eta Espainiaren arteko lehia berezi horretan Hagako epaile taldeak sartu du eskua, eta nola, gainera! Ez dago zalantzarik: nazioarteko zuzenbideak dio guztiz zilegi dela Kosovok egin duena. Ez gara gu orain hainbat epaileren partzialtasun ezaren iruzurrean eroriko, baina begi-bistan dago Hagako Auzitegiak adierazi duena oso esanguratsua dela. Halaber, nabarmena da ondorioak izanen dituela.

Epaile horien hautuak ez du hainbat gobernuren joera aldaraziko, are guttiago espainiar politikarien itxikeria gaindituko. Baina independentziaren kontrako gurutzadak zaildu egiten ditu, argudio juridikorik gabe uzten baititu, nondik, eta beren mundutik datorren erabaki baten ondorioz.

Kolpe handia izan da munduaren aurrean Kosovoren independentzia aldarrikapenaren kontra jarrera erasokorra hartu zuen Espainiarendako. Desautorizazio nabarmena, espainiar Estatuaren barne arazoak are gordinago erakutsi dituena. Estatu ereduaren krisialdia biluztu duena.

Katalunia ez da Kosovo. Ezta Euskal Herria ere. Independentzia ereduak, independentzia ulertzeko erak, naziotasun formulak, ibilbide historikoak biziki ezberdinak dira. Baina Hagako Auzitegiaren erabakiak eragina izanen du geure auzietan, espainiar nazionalisten jarrerak ahuldu dituelako eta mahai gainean jarri duelako herriaren borondatearen garrantzia.

Herriek beren etorkizuna libre hautatzeko eskubidea dute. Baita estatua osatzeko eskubidea ere. Kosovon eta hemen ere bai. Hori da sakoneko afera eta espainiar epaile konstituzionalen gainetik pasako da geroa, ezin baita etengabean mantendu inposizioan oinarritutako estatu eredu bat.

Herri bakoitzak idatzi behar du bere askatasunaren liburua. Ez dago kopiatzerik, baina bai ikasterik. Espainiar agintariek Kosovoko aferaren aurrean agertu duten jarrerak asko esaten digu beren barne egoeraz. Ahul atzematen dute beren estatu eredua. Jakin badakite erlojuaren kontra dabiltzala. Iraganera itzuli nahiko zuten, baina ezinezkoa da.

Duela aste batzuk futbolean lortutako saria arazo guzien konponbide gisa aurkeztu ziguten. Espainia salbatuta zegoen. Adio konplexuak! Espainia bizirik zegoen! Hagatik etorri zaie ametsak gainditu eta lurra zapaltzeko beste dei bat. Entzunen ote zuten?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo