GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko Kopa

Nazabal da berriro ere txapela lortzeko faboritoa

Lopez, Azurmendi, Mujika eta Otaegi ere Trinitate plazan izango dira.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Urrezko Kopa jokatuko da bihar Donostian, Trinitate plazan, urtero bezala. Bertan Euskal Herriko Txapelketako bost onenak neurtuko dira, eta bakoitzak hamalau enbor kana-erdiko erdibitu beharko ditu.

Nazabal, Lopez, Azurmendi, Mujika eta Otaegi arituko dira nor baino nor. Urteko zitarik garrantzitsuenetakoa da aizkora munduan, eta jendeak ere erantzun handia emango du, urtero horrelaxe izaten baita.

Faboritoak aipatzean, Floren Nazabalen izena nabarmendu behar da. Une honetan besteak baino koska bat gorago dago, eta joaten den lekuetan garaile ateratzen da, bai torneoetan, baita txapelketetan ere. Joan den astean, esaterako, Gasteizko Irekia, eta Latasaren oroimenezkoa bereganatu zituen, eta biharkorako ere faborito nagusia da.

Juanjo Lopez eta Iñaki Azurmendi dira Etxarrikoa estutu beharko luketen aizkolariak. Lezaungoa oso maila onean ari da azkenaldian, eta saiatuko da Floren estutzen. Azurmendiri lan luzeak gustatzen zaizkio, eta igandekoa ez da txarra beretzat.

Mujika eta Otaegi lehendabiziko aldiz arituko dira lehiaketa honetan. Horrek iazko txapelketan bost onenen artean sartu zirela esan nahi du, eta helburua beteta dute, nahiz eta biharkoan ere ahalik eta lanik onena egitera joango diren. Aurtengorako ere horixe dute helburu nagusia, Euskal Herriko Txapelketako finalean izatea, eta horretan ari dira buru-belarri prestatzen.

Azkoitian, berriz, asteartean, eguerdiko hamabi eta erdietatik aurrera, herriko plazan, Euskal Herriko Hirugarren Mailako azkenengo kanporaketa jokatuko da. Bertan, Kintana, Garitaonaindia, Olasagasti, Zaldua, Larrañaga, Irazu, Pellejero, Kastro, Vazquez, Goñi, Eraso eta Riaño neurtuko dira. Lehenengo bi sailkatuak finala jokatzeko moduan izango dira. Erdoziak, Jauregi, Kañamares III.ak eta Otañok jadanik txapelaren lehian aritzeko txartela eskuratuta daukate.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo