GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea Mallabiko Torneoa

Aimar Irigoienen sasoia gertutik gertura ikusteko beste aukera bat izango da

J.L.

Aimar Irigoien izango da bihar 17.30etatik aurrera Mallabian jokatuko den torneoko garaipena lortzeko faborito nagusia. Errezildarrarentzat harri aproposak dira biharkoak, nahiz eta denetara ongi moldatzen den Euskal Herriko txapelduna.

Gipuzkoarrarekin batera, Igoa, Urrutia, Belloso, Goikoetxe, Izeta IV.a eta Izeta II.a izango dira nor baino nor. Kirolari bakoitzak 100 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko harri bola erabiliko ditu. Bakoitzarekin lanean aritzeko bost minutuko txanda bana izango dute.

Ezustekorik gertatu ezean, zaila izango da inork Irigoieni txapela kentzea. Borroka bigarren posturako izan daiteke, eta hor izetatarrak agertzen dira, eta bien arteko dema ikusgarria izan daiteke.

Bestetik, jadanik iragarri dute zein egunetan eta nortzuek jokatuko duten Igeldo Harria Txapelketa. Hilaren 21ean izango da Trinitate plazan, 19.30etatik aurrera. Bertan honako hauek arituko dira lanean: Ariztegi, Bertiz, Calvo, Eizmendi, Telleria II.a, Telleria III.a, Ostolatza, Ugartemendia eta Urpe. Izeta II.a izango da txapelketa hori bereganatzeko faborito nagusia. Aiarra primeran moldatzen da harri honekin eta azken urteetako txapelak berak eraman ditu.

Harri-jasotzaileen torneoak ez dira, ordea, hor amaituko, izan ere, abuztuaren 28an jokatuko baita Elgoibarkoa ere, eta han ere parte hartze handi samarra izan ohi da, nahiz eta oraindik ez den eman ezagutzera. Hori bai, han 30 urtetik beherakoak arituko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo