GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

TRONTZA

Lau bikote arituko dira emakumezkoen finalean

J.L.

Emakumezkoen lau bikote neurtuko dira bihar arratsaldean, 18.30etik aurrera Gazteluko plazan, Euskal Herriko finalean. Intxausti-Gorostidi, Lopez-Nuñez, Larrañaga-Bayer eta Sanchez Urriza lehiatuko dira. Bakoitzak 45 ontzako enbor bati hamar epai etzanda eman beharko dizkio.

Iazkoari begiratuta, Intxausti eta Gorostidi dira faboritoak, beraiek nahikoa erraz lortu baitzuten txapela. Intxaustik, gainera, orain dela bi urte ere garaipena lortu zuen, nahiz eta orduan Mazizior izan zuen lagun. Lopezek eta Nuñezek joan den urtean bigarren postuan amaitu zuten, eta Larrañagak eta Bayerrek, berriz, laugarren. Sanchez eta Urriza, berriz, lehen aldiz arituko dira.

Gaztelun, ordea, ez da izango emakumezkoen Euskal Herriko Txapelketa bakarrik, mutilen Bigarren Mailako finala ere jokatuko baita leku berean. Maila honetan hiru bikote arituko dira lehian. Honako hauek izango dira parte hartzaileak: Cano-Maiza, Salegi-Zubiaurre eta Pikabea-Iribarren. Hemen bikote bakoitzak 45 ontzako enbor bati hamar epai eman beharko dizkio etzanda eta bost, berriz, zutik.

Finala estua eta orekatua iragartzen da, eta zaila dirudi faboritoak zeintzuk diren esatea.

Gaztelura joaten direnek, ordea, ez dute trontza bakarrik izango ikusgai. Txapelketa horien ostean, segalariek hartuko baitute lekukoa, emakumezkoen binakako sari nagusia jokatzeko. Bertan, antsatarrak, Geresta-Zuriarrain, Gabirondo-Galarraga, Garin-Ezeiza, Galarraga-Etxaburua, Olano-Otamendi, Mazkiaran-Otegi eta Txarron-Astondoa lehiatuko dira.

Jaurtiketa

Bihar, 18.30ean hasita, Etxalarren Euskal Herriko lasto-jaurtiketako finala jokatuko da. Kirol hau benetan ikusgarria da, eta jendeari, gainera oso gustagarria egiten zaio. Pertiga edo altuera jauzieraren nolabaiteko tankera dauka, eta emozioak azkenera arte irauten du.

Honako hauek hartuko dute parte: Atutxa, Lapazaran, Tubi, Lauzirika, Ardea, Amade, Bereau, Xabi Sein, Karlos Sein, Teilagorri eta Salaberri.

Parte hartze benetan garrantzitsua izango du, gutxitan izaten baitira bost herrialdetako ordezkariak. Nafarroa Behereko eta Gipuzkoako ordezkariak ez beste guztietakoak izango dira, eta poztekoa da tartean Zuberoako bat izatea ere, normalean herrialde horretakorik ez baita izaten Euskal Herriko Txapelketan.

Ingude-altxatzeko Gipuzkoako Txapelketako finala jokatuko da Ondarroan etzi, 18.00etatik aurrera. Irizar, Etxeberria, Unanue, Uranga eta Urrutia neurtuko dira 18 kiloko ingudearekin. Iazko txapela Urrutiak eskuratu zuen. Leku berean Gipuzkoako zaku-eramateko finala ere jokatuko da. Gaur, berriz, Nafarroako Herriz Herri Txapelketako saioa izango da ikusgai Arantzan (19.00).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo