«Sentsazio arraroak sortu ohi dira estudioan: orain txikitu eta gero handitu egiten zara»
Ken Zazpi taldeko abeslaria
Sortze beretik arreta deitu eta izugarrizko arrakasta lortu du Ken Zazpi boskoteak diskoz disko, «Argiak» lanarekin gailurra jo eta Euskal Herriko antzoki dotoreenak lepo betetzeraino. Orain, lan berria atontzen dabiltza, aurrekoarekin erabili formulan sakonduz. Dagoeneko badu izena, «Hortzemugak begietan».
Anartz BILBAO | BILBO
Ken Zazpi taldeak ikaragarrizko arrakasta du gurean, eta boskoteak sortzen duen berri orok jakinmina pizten du zaleengan. Egun, busturiarrak disko berri baten prestaketan dabiltza, eta zehaztasun bila, taldeko abeslari Eñaut Elorrietarengana jo dugu.
Taldeak arrakastaren gailurrean plazaratuko du «Hortzemugak begietan», eta horrek izango du bere pisua. «Taldean ez dugu berbatan agertzen, baina beharbada badago erantzukizun hori», dio kantariak, «huts egiteari beldurra, onartua ez izatekoa. Baina horrek ez gaitu baldintzatzen sortzeko orduan». «Badugu gogoa gauzak ondo egiteko, eta batez ere gu ondo sentitzeko egiten dugunarekin, eta horri gehiago begiratzen diogu besteari baino».
Lanak hamar kantu izango ditu. Taldeak iazko udan bost kantu grabatu zituen -zuzenean ere jo eta garatu ditu batzuk-, eta «orain, azken bost kantuekin ari gara, gero Los Angelesera jo eta lana nahasteko». Eta jardun horretan, «mikrofono baten aurrean, estudio batean, musikari bat... sentsazioa arraroa da: batzuetan txikitu egiten zara, horri buelta eman eta handitu egiten zara...», kantuak guztiz biribildu arte. «Asko alboratu ditugu bidean -momentu ezberdinetan gainera- egokienak hautatu arte, eta lan nekeza ere izan da». Bide horretan gainera, «batzuetan edalontzia erdi hutsik edo erdi beteta antzematen duzu. Baina garrantzitsuena kantuak dira eta disko honetan abestiak daude. Oso pozik gaude kantuekin».
Estudioko lana
Estudioan, kantuak sortzetik grabatzerako prozesuan ere izan da berrikuntzarik. «Guk estudiora kantuak oso lotuta ekartzen genituen, ekoizlerik gabe lan egiten ohituak. Eta orain ere horrela egin dugu». Baina «Argiak» lantzean, «Sardinak -ekoizlea-, kantuei ikuspuntu hotz baten begirada ematen zien, beharrezkoa dena eta guk ez duguna, kantuak sortuz geroztik ehun bider entzun ditugulako. Guretzat berria izan zen hori, estudioan ere ñabardurak lantzen joatea, eta bat-batean galduta ere sentitzen zara, ezinegon puntua ere sortzen du».
Oraingoan, ordea, «apur bat ohituago gaude eta disfrutatzen ere ikasten ari gara, azkenean kantua hobetu egiten delako horrela». Eta grabaketa gogorra egin zitzaien arren, elkarlanak emaitza onak eman zituela-eta zikloak beste lan bat eskatzen zuela erabaki zuten. «Oraingoan elkarlana hobeto aprobetxatuko genuela uste genuen, elkar ezagutzen dugulako». Kontuan izan behar da Sardina bermeoar ekoizle sonatua dela AEBetan, eta bere lan metodoa arrotza zela lehen Ken Zazpirentzat.
Eta emaitza aipatuta, «lan handia egin dugu eta orain ilusionantea da momentua: gauzatzen ikusten dugu, estudioan forma hartzen, soinu onarekin...». Lan berria «modu naturalean ondu dugu eta gauzak sinplifikatzera jo dugu. Aparte, arrisku berriak hartu eta probak egin ditugu, beti ere motibazioa mantendu eta ikasteko ahaleginetan -egiten dakigun moldeetatik aparte bada ere-».
Ekonomikoki ere, Ken Zazpik egindako esfortzua ez da makala izan, izen handiko ekoizlearekin, denbora hartuta eta mimo handiz lana atontzeko. «Egia da disko hau ez dela egungo garaira egokitzen, produkzio aldetik eta ekonomikoki esfortzu handia egin dugulako. Kontua da guk lehenesten duguna, bai zuzenekoetan eta baita diskoetan ere, gure lana ahal denik eta baldintza onenetan ateratzea dela». Eta Elorrietaren sentipenetan, «Hortzemugak begietan» euren «diskorik helduena eta osoena» izango da.
«Arrakastak ospea dakar, eta nekea?» galdetuta, batzuetan Ken Zazpiko abeslariaren «jaka» ezin eranztea nekagarria egiten zaiola onartu digu Elorrietak, egun jendartean bakarrik Eñaut izatea zaila zaio-eta. Kontuak kontu, «nik gitarra hartu, akorde batzuk jo, melodiekin hasi eta akabo beste guztia». Azken finean, «musikaren sua piztuta mantentzen didana `barnekoa' dut. Musikarekin emozionatu egiten naiz, eta pasioarekin bizi dut».
«Bi urtetan lan handia egin dugu eta `Hortzemugak begietan' gure diskorik landuena eta osoena izango da»
«Asko baztertu ostean, hamar kantu hautatu ditugu, batzuk zuzenean garatuak. Eta pozik gaude emaitzarekin»
Taldea: Ken Zazpi.
Lana: «Hortzemugak begietan».
Argitaratze data: Urri bukaeran edo azaro hasieran.
Kanta kopurua: 10 kantu.
Laguntzaileak:
Joseba Sarrionandia, Jon Maia, Maialen Lujanbio, Julen Gabiria eta Uxue Alberdi (hitzetan). Joserra Senperena eta Uxue Alberdi (teklatu eta ahotsetan).
Ekoizlea: Rafa Sardina.
Diskoetxea: Argiak (Elkar etxearekin elkarlanean).
Ken Zazpi taldeak zaleen aurrean irudi arrakastatsua zabaltzen duen arren, Elorrietaren esanetan, «dena ez da arrosa kolorekoa», eta kantuen sortze prozesuan sufritu ere egiten da.
Lan berri bat prestatzerakoan, «momenturik gordinenak kantuek aurrera egiten ez dutela ikusi eta irtenbidea topatzen ez denean gertatzen dira». Batek bide batetik ikusten du eta besteak beste batetik, eta «erdibidetik tiratzen asmatu beharra dago, kantuak talde guztiaren emaitza baitira». Beraz, edozein bizikidetzan bezala, datak hurbildu ahala, «tentsioak sortzen dira taldekideon artean. Baina ondo kudeatzen baditugu, eta banatzen ez bagaituzte, batu ere egiten gaituzte tentsioek, badugulako elkarrekiko konfiantza, eta hori gailentzen da».
«Batzuetan kantuak ez du funtzionatzen, `ez gabiltza ondo' esaten duzu... bi egun barru berriro hartzen duzu...», dio kantariak. «Azken bi hilabeteotan 24 orduz izan ditugu kantuak buruan», eta horrelako lan erritmoan ez da distantziarik hartzen, «oso sartuta zaude prozesuan».
Eta kantu bat desbideratzea drama bat da, «musikariok nahiko dramatikoak gara eta: bat-batean murgiltzen gara zulo ilunean eta bi ordu barru berriro goranzko olatuan gaude! Azkenean euforia zein depresioa gezurrak dira biak, eta tarteko egoera da egokiena, lortu beharrekoa».
«Arrakastaz galdetuta, Ken Zazpiko abeslariaren «jaka» ezin eranztea nekagarria egiten zaiola onartu digu Elorrietak, egun jendartean bakarrik Eñaut izatea zaila zaio-eta. Kontuak kontu, «nik gitarra hartu, akorde batzuk jo eta akabo beste guztia». «Musikak zirrara eragiten dit eta grinarekin bizi dut».
GARA