Uztailaren 26rako greba deitu dute Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako anbulantzia sektorean
A.Z. |
Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako anbulantzietako langileak grebara deitu dituzte LAB eta ELA sindikatuek datorren abuztuaren 26an. Bi sindikatuek prentsa ohar batean salatu dutenez, «hitzarmen autonomikoa sinatu gabe dago oraindik eta patronalari esker, negoziatu gabe, gainera». Ondorioz, langile eta patronalaren arteko lan gatazkak bere horretan jarraitzen duela kritikatu dute. Pasa den uztailaren 14an eta 28an ere greba egin zuten langileek. Hala, dagoeneko 37 greba eta lanuzte egun egin dituzte sektoreko langileek azken hilabete luzeetan «hitzarmen duin» baten alde.
Hala eta guztiz ere, «aurretik» zeukaten eskubiderik ez galtzeko borrokan jarraituko dutela adierazi dute ELAk eta LABek, baita «miseriazko soldata igoera baten truke» euren buruak saltzeko prest ez daudela ere.
Era berean, uda garaia dela-eta, pasibotasuna nagusitzea ezin dutela onartu nabarmendu dute, «borroka bertan behera uztea bezala uler» baitaiteke. Horregatik, «greba deitu dugu patronalari, administrazioari eta gizarteari gatazkak bere horretan, konpondu gabe jarraitzen duela, eta berau positiboki konpondu arte ez dugula etsiko adierazteko».
Gatazka gizarteratu
Zentzu horretan, protesta Bilboko Aste Nagusian egingo dutela azaldu dute, hirian ibiliko den jendetza aprobetxatuz euren aldarrikapenek kalean oihartzuna izan dezaten. «Gatazka era zabalean gizarteratu nahi dugu», adierazi dute. Zehazki, jai-eremuan barna ibiliko dira euren aldarrikapenak «modu ikusgarrian» zabaltzen.