GARA > Idatzia > Kirolak

AIZKORA

Pellejero eta Zaldua, azkeneko finalistak

Jon LEUNDA I

Pellejerok irabazi zuen atzo Azkoitian Euskal Herriko Hirugarren Mailako aizkolarien kanporaketako azkeneko ekinaldia. Berarekin batera Zaldua sailkatu zen azkeneko ekinaldirako. Finala, irailaren 4an jokatuko da Orozkon, eta atzokoekin batera, Erdozia, Jauregi, Kañamares III.a eta Otaño arituko dira txapelaren lehian.

Hamar aizkolari neurtu ziren atzo Azkoitiko plazan, finalerako azkeneko bi txartelak lortu nahian. Lau kana-erdiko erdibitu behar izan zituen aizkolari bakoitzak, eta jendeak erantzun bikaina eman zuen, bero galanta izan arren.

Hiru txandatan banatuta aritu ziren aizkolariak, eta bigarrengoan aritu zen garaipena erdietsi zuena, Pellejero, alegia. Zaldua, berriz, hirugarren txandan aritu zen. Bi horiez gain, atzo berri pozgarriak ere izan ziren. Hasteko, Larrañagarena. Azpeitiarra zen atzoko gazteena, 19 urterekin, eta urtebetean nabarmen gora egin duela ikusi zen. Bestea, berriz, Irazu. Zizurkildarra lehen aldiz plazaratu zen, eta oso itxura polita eman zuen.

Nazabal

Floren Nazabal Asturiasen da azken egun hauetan, bertako sendagile ezagun batekin gerrian dituen arazoak konpondu nahian. Etxarriko txapeldunak asko sufritu zuen joan den igandean Donostiako Urrezko Kopan, eta txapelik gabe geratu zen gainera. Euskal Herriko maila nagusiko kanporaketa abuztuaren 29an jokatuko da Berrobin, eta ordurako hobetu nahiko luke gerrialdea egungo txapeldunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo