Lanbert eta Etxeto, nagusi Azkainen
Lanbert eta Etxeto nagusi izan dira herenegun ilunabarrean amaitu zen Azkaineko Larrungo Izarrak Torneoan. Txapelketan hiru bikote aritu dira, eta ondorioz finalerdi bat eta finala izan ditu.
Uste baino jende gutxiago batu zen finalerdia ikustera. Waltari eta Kurutxari ziren faborito, baina azkenean Lanbertek eta Etxetok irabazi zuten norgehiagoka 40 eta 21 , 51 minututan pilota astintzen aritu ostean.
7 kintze lortu zituen saketik Lanbertek eta bat gutxiago Waltarik. Markagailuak, berriz, honakoak erakutsi zituen: 3-0, 3-3, 8-3, 17-10, 21-13, 38-16 eta 40 21. Kontatzeko gutxi izan zuen partida honek. Hemen, gainera, Waltariren gabezia guztiak ikusi ziren. Kubatarra aitzinetik bada, oso zaila izaten da bera geratzea, baina gibeletik ari denean, asko kostatzen zaio jokoan sartzea eta horixe gertatu zen.
Etxeto izan zen partidako protagonista. Biarriztarra atzean erabat nagusitu zen, eta aurrean Lanbertek ez zuen barkatu kintzeak finitzean, eta uste baino askoz ere garaipen erosoagoa lortu, eta finalerako sailkatu ziren.
Erritmo falta
Finalak ikusmin handia piztu zuen, bertan baitzen Sebastien Gonzalez. Azkaindarrak bere herrian jokatzeko aukera gutxi izaten du eta garaipena lortzea zuen helburu. Alabaina, Ezkurra lagun zuela, 39-40 galdu zuen Lanberten eta Etxetoren aurka, 81 minututan. Saketik 9 kintze egin zituen Lanbertek eta, 6, Gonzalezek.
Markagailuak hauek erakutsi zituen: 2-0, 2-2, 5-5, 9-9, 14-14, 15-15, 24-16, 28-28, 31-31, 33-33, 36-36, 36-39, 39-39 eta 40-39. Emaitza oso estua izan baldin bazen ere, joko aldetik ezin esan norgehiagoka ona izan zenik. Hori bai, emozioak azkenera arte iraun zuen. 36-39 aitzineratu ziren Gonzalez eta Ezkurra, baina azkaindarrak bi huts handi egin zituen. Lanbertek eta Etxetok ez zuten aukera alferrik galdu eta garaipena ziurtatu zuten.