GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Mexikon berdintasuna, Kalifornian bazterkeria

Mexikoko Auzitegi Gorenak Mexiko Hiriko ezkontide homosexualek adingabeak adoptatzeko eskubidea onartu zuen astelehenean, Errepublikako fiskal nagusiaren helegitea atzera botata. Berdintasunaren bidean aurrerapauso bat da erabaki hori, eta horixe izan da epaimahaikoen argudioa, baztertua ez izateko eskubidean oinarritu baitzuten ebazpena, gizarte bidezko eta solidarioago bateranzko ekarpen gisa aurkeztuta. Txalotzeko erabakia, beraz, aurreiritzi asko ez ezik, sektore kontserbatzaileen oposizioa ere gainditu behar izan duena, «betiereko balioen» aitzakian, beren boterea gizarte bazterketaren gainean eraiki eta beren ordenari eutsi behar dioten horien presioa, hain zuzen.

Mexiko Hirian berdintasunaren bidean aurrerapauso bat eman badute ere, Kalifornian, aldi berean, beste pauso bat eman dute; hau bazterkeriaren aldekoa, ordea. Izan ere, dei-auzitegi batek homosexualen arteko ezkontzak blokeatu ditu, gutxienez abendura arte. Hartara, epaileek homosexualak ezkontzeko debekua baliogabetzeko ebazpena atzera bota dute, atzo, hain zuzen ere, homosexualen ezkontzak berriro hasi baino egun bat lehenago, eta ezkontza horien konstituzionaltasunaren gainean erabaki arte. 2000. urtetik luzatu da lege-gatazka hori Kalifornian, eta momentu honetan homosexualak dira galtzaileak. Homosexualak eta eskubideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo