GARA > Idatzia > Kultura

Burdinazko hariarekin izarrak irudikatu ditu Juan Chillidak

Juan Chillidak, Eduardo Chillida eskultorearen ilobak, erakusketa jarri du Donostiako Ekain Arte Lanak galerian. Kosmologia eta egiturak oinarri hartuta, azken lan hau kosmosa ikusteko modu bat dela azaldu zuen artistak atzo, erakusketa atontzeko lanetan ari zela.

p042_f01_152x112.jpg

Maddalen LARRINAGA |

Zaila da Juan Chillidaren erakusketaren muina hitz bitan azaltzea, bertan jarri dituen lanak ez baitira ez eskulturak, ezta margolanak ere, bien uztarketa baizik. Marko barruan jarritako eskulturek osatzen dute bilduma, egiturak, kosmologia, pisurik ez baina bolumena duten gauzetan oinarritu da egilea. «Zeruan ikusten den horretan eta ikusten ez den horretan» dago oinarrituta, Chillidaren hitzetan; «izan ere, egunean zehar zeruak ez du ezer erakusten, baina gauean argiak agertzen dira eta egiturak, Hartz Nagusia, Txikia...». «Fantasiak eta sentsazioak» agertzen ditu dira bildumak.

Kosmosa ikusteko bere era propioa denez, lanak aurkezteko modua ere berezia da. Markoak zuriak eta beltzak dira, «ikusten dena eta ikusten ez dena, gauaren iluntasuna eta egunaren argitasuna» adierazteko beste modu bat dira.

Egiturak guztiz asmatuak eta abstraktuak dira, ez dute kosmologia alorreko gauza zehatzik oinarri gisa. Gainera, egileak ez ditu bere obrak guztiz pentsatzen edo antolatzen egiten hasi aurretik. «Egiten ari naizen heinean pentsatzen ditut», azaldu zuen artistak; «piezak berak esaten dizu zer sartu, beti ere oreka bilatuz».

Bildumak bi ezaugarri nagusi ditu: obra guztiak «airez beteak eta etereoak» dira eta, gainera, ez dira estatikoak: «Baten bat hartu eta lurrera botaz gero, ez da hausten, mugitu egiten dira eta hori da gustatzen zaidana, airean egon daitezen gustatzen zait».

Eskulturak eta margolanak

Bere obra askotan eskulturak eta margolanak uztartzen ditu donostiarrak eta batzuek, ikuspuntu ezberdinetatik begiratuz gero, margolanak dirudite eskulturak izan arren. Beste batzuetan, berriz, eskulturek eta margolanek obra bera osatzen dute.

Bi arte diziplinak uztartzearena Usoa Zumetarekin batera otu zitzaion. Hura Artelekun zegoen eta serigrafiarekin esperimentatzeko proposatu zion Chillidari. Proba haietatik sortu ziren erakusketa honetako zenbait lan. «Berak erakutsi zidan serigrafia zer den. Nik marrazkiak egiten nituen eta serigrafia lanak berak egiten zituen», kontatu zuen donostiarrak.

Izan ere, artista gehienek bezala, eskultore eta margolari honek ere bilakaera izan du. Hasieran margolanak egiten zituen eta, gero, zetazko paperarekin hasi zen lanean. Azkenean, aluminiozko paperari heldu zion. Eta, noski, hortik abiatuta, bilakaera izan du.

Originaltasunak pisu handia du egilearen lanean: «Beti bilatu izan dut originaltasuna, aurretik inork egin ez izana», hori baita, finean, artista batentzat gauzarik zailena.

Margolanetatik eskulturara

Chillida akuarela- eta olio-margolanak egiten hasi zen eta bilakaera hori «eskuzko bilakaera» izan zen. «Akuarelak egiten hasi nintzenean ez zitzaizkidan gustatzen. Behin egindako lanaren papera hartu eta marruskatzearekin hasi zen dena», kontatu zuen.

Nolanahi ere, bere inguruneko jendeak zein lanbide duen aintzat hartuta, ez da harritzekoa artistak margolanak eta eskultura bateratu izana. «Nire aita margolaria zen eta nire osaba eskultorea; eta ni margolaria eta eskultorea», esan zuen barrez. Dena den, abizen ezaguna izateari ez dio inongo garrantzirik ematen: «Inoiz ez diot garrantzirik eman, hogeita hamar urte baino gehiago daramatzat merkatu honetan lanean». Bere hitzetan, gaur egun Juan Chillida izenez da ezaguna, bere ibilbide propioagatik, «ez haren semea edota beste haren iloba izateagatik».

Gaur zabalduko dute erakusketa Ekain Arte Lanak galerian eta ikusi nahi dutenek irailaren 14ra arte izango dute horretarako aukera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo