Udaltzainen portaeraz Barcinak ez duela ezer esan salatu du NaBai-k
Iruñeko Udaltzaingoak sanferminetan izandako jokabidearen gaineko azalpenak uztailaren 20an eskatu zizkioten arren, Yolanda Barcinak oraindik ez duela horri buruzko adierazpenik egin salatu zuen atzo NaBaik. Prentsara igorritako ohar batean, txupinazo egunean udaltzainek ikurrina ostu izanak «Herritarren Oinarrizko Eskubideen aurka» egiten duela eta «jokamolde frankistak gogorarazten dituela» adierazi zuen Aritz Romeo NaBai-ko zinegotziak.
Y. A. |
Yolanda Barcina Iruñeko alkateak ez duela Udaltzaingoak sanferminetan zehar izandako portaeraren gaineko inolako adierazpenik egin salatu zuen atzo Nafarroa Bai-k.
Aritz Romeo Iruñeko Udaleko NaBai-ko zinegotziak prentsara igorritako ohar baten bidez azaldu zuenez, «Iruñeko alkateak oraindik ez die erantzun uztailaren 20an Udaltzaingoaren jokabidearen inguruan NaBai-k egindako galderei». Ildo horretatik, UPNk gidatzen duen Udal Gobernuak «oposizioko indar nagusiari informazioa emateri uko egin izana» gaitzetsi zuen zinegotzi iruindarrak.
Ikurrina, ikur legala
Besteak beste, «herritarrei hogei udaltzainek txupinazo egunean ikurrina zergatik lapurtu zioten azaldu ez izana» leporatu zien Romeok, ikurrina «legala» dela nabarmenduz. Udaltzainek «gutiz legala den ikur bat ostu zutela kontuan hartu ote zuten» galdetu zuen zinegotzi iruindarrak. Gainera, ikurrina atzeman izana, «Herritarren Oinarrizko Eskubideen aurkakoa» izan daitekeela adierazi zuen NaBai-ko zinegotziak.
Hautetsi iruindarraren iritziz, «Udalak herritik jaiotzen eta herriarentzat lan egiten duen instituzio bat izan behar badu ere, UPNren Udaleko jarrerak jokaera frankistak gogorarazten ditu, Udala berea bakarrik balitz bezala gobernatzen baitu».
Romeok salatu zuenez, «Barcina-Santamaria tandem-ak Udaltzaingoa eskandaluz eskandalu» darabil. «Udaltzaingoan dagoen desgobernuari, UPNko udal arduradunen bulegoetatik zuzendutako jarrera antidemokratikoa gehituz gero, Udaltzaingoaren itxura sozialaren etorkizuna hilzorian» gelditzen dela azaldu zuen.
«Jokaera onartezina»
«UPNk gidatzen duen Udal Gobernuko kideen jokaera onartezina da. Gainera, errespetu falta izugarria da Instituzioarentzat, korporazioarentzat eta iruindar guztientzat», adierazi zuen NaBai-ko hautetsiak.
Romeoren iritziz, Barcinak eta Simon Santamariak Iruñeko Udaltzaingoa «iskanbilen zingira» batean sartu dute eta «oposizioaren interpelazioen aurrean isiltasun antidemokratiko eta eskandalagarri bat gordetzen dute».
Iruñeko Udala mutu agertu den beste bi gertaera ere hizpide izan zituen Romeok. Alde batetik, uztailaren 7an espainiar selekzioaren Mundu Kopako partida pantaila erraldoi batean emititu ondoren izandako borroken inguruan UPNk zuzentzen duen Udal Gobernuak ez duela inolako adierazpenik egin aipatu zuen. Bestetik, uztailaren 11n Peñen askari herrikoian izandako gertaerak salatu zituen NaBai-ko zinegotziak. Izan ere, Carlos III.aren etorbidean ehunka lagun Iruñeko peñek antolatutako askari herrikoia egiten ari zirela, armak eta ikur frankistak zeramatzaten gutxienez hiru lagun igaro ziren jende artetik.
Bestalde, uztailaren 13an Bertin Osborne abeslari espainiarrak eskaini zuen kontzertuan, «gainerako herritarrak musika saioa jende ilarak errespetatuz ikusten ari zirela, Iruñeko alkatea bere lagunekin gerturatzean, udaltzain eta eskolta ugarik jende artean `pasilloa' egin eta alkatea eta bere lagunek lehenengo ilaretara» iritsi ahal izan zutela salatu zuen Romeok, iturritzat «testigantza zuzenak» dituela azalduz.