GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

REAL MADRIl

Florentinoren poltsikoak Werder Bremen konbentzitu du

p035_f02_333x333.jpg

A.U.L. I

Formula ez da beti arrakastatsua izan, baina Florentino Perezek ezagutzen duen bakarra dela ematen du. Real Madrileko presidentearen txeketegi agorrezinak, Europako kluben kutxa gotorrak loditzen dihardu, bere taldeak izarrak erretzen jarraitzen duen bitartean.

Werder Bremen ez da salbuespenen multzoan geratu. Euroen usain boteretsuak erakarrita, talde alemaniarrak Mesut Ozil saltzea onartu du, udako foiletoiari amaiera emanez. 15 milioiren truke -gehi jokalariak kobratuko duena-, Jose Mourinhok belaunaldi berriko beste izar distiratsu bat izango du bere agindupean, Di Maria, Canales eta Khedira fitxatu berriekin batera.

Etorkin turkiar baten semea da 21 urteko Mesut Özil, etorkizun oparoa izan dezakeen Alemaniako selekzio berriko izar nagusietako bat. Hegoafrikan bikain aritu aurretik, erdilariaren izena ezaguna zen Werder Bremenekin bi denboraldi ikusgarri egiteagatik.

Ikusteko dago Real Madrilen ibilbideari jarraipena emateko gai den, Chamartineko taldea sosak xahutzen aditua baita. Florentino Perezen agindupean -bi etapatan banatuta- 800 milioi inguru xahutu ditu zortzi denboralditan. Tituluak ere lortu ditu -bi Liga, Kontinentearteko Kopa bat, bi Superkopa, Europako Superkopa bat eta bi Champions liga-, baina ez egindako inbertsioak eman beharko lituzkeenak adina.

Ez du, izan ere, ezer ziurtatzen. 270 milioi gastatu zituen udan Real Madrilek Cristiano Ronaldo (96), Kaka (84), Bezema (35), Xabi Alonso (30), Albiol (15), Negredo (5), Granero (5) eta Arbeloa (4) fitxatzeko. Bederatzi hilabetera, ez du bere garaipen zerrendara gehitzeko saririk lortu. Aurten 76 xahutu ditu dagoeneko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo