GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Koherentziaz lan eta hitz egiteko garaiak

Euskal Herriko hainbat herritan zenbait zabor edukiontzi erre dituzte egunotan. Azkoitian eta Gasteizen azkenak. Ekintza hauen egileak eta asmoak ezezagunak diren arren, alderdi politiko eta hedabide gehienak erauntsian atera dira ezker abertzalearen gaitzespena eskatzen. Ezker abertzalearen apustuaren benetakotasunaren froga gisa erabili dute, berriz ere, gaitzespena adierazi beharra. «Kale borrokaren berrindartzea» ezker abertzalearen erabaki gisa irudikatu dute, historikoki kale borroka izan denaren antzik ez duten ekintza horiek aitzakia. Haren azterketa eta egitasmo politikotik erabat kanpo kokatzen direla jakin badakiten arren, ekintzokin eztabaida politikoa gaitzespenaren kiribilean ito eta usteldu nahi dute. Horrela, ezinezkoa dena eskatzen dute -ezker abertzalea zepo horretan harrapatzea-, saihestezina dena atzeratzeko -herri honek behar eta merezi duen aldaketa politiko sakona-.

Apustua oso serioa da eta asko dago jokoan horrelako kontuek auziaren benetako gakoak estal ditzaten. Ez dio berdin nork egin dituen ekintzok. Ez da poliziak horrelako ekintzetan hatzeman dituzten lehen aldia eta hipotesi hori serio landu beharko litzateke. «Alkohola eta bandalismoa» aipatu zituen Aresek Zarauzko ekintzen karietara. Ezker abertzalearen periferiako norbaitzuen eskuhartzearen urrutiko hipotesia ere hor da. Nolanahi ere, egileen asmoa desberdina izanda ere, kontuan izan behar da ondorioa berbera dela, ezker abertzalearen apustuaren kaltekoa. Eta ezker abertzalearen egitekoa da, halaber, gaitzespenen zepoari ihes egitea bezainbestekoa, ekintzok bere oinarri sozial eta militantearen mandatuari entzungor egiten diotela argi adieraztea, estrategia politikotik kanpo daudela eta bazter horretatik Estatua elikatzen dutela aldarrikatzea. Kohesioa indartzeko, apustua sendotzeko, are politikoki une kritiko eta erabakigarriotan.

Probokazioak eta zirikatzeak etengabekoak izango dira aro berriranzko igarobidean. Bere onetik ateratzen denak galduko du pultsua. Apustuan uste osoa, hitz argi eta zehatzak eta lana, benetako lana dira etorkizunerako gakoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo