GARA > Idatzia > Kultura

Bi mila urteko atzerako bidaian, Zarauzko erromatarrek orduko bizimodua ekarriko dute

O. LARRETXEA | ZARAUTZ

Orain bi mila urte Zarautzen bizi ziren erromatarren bizimodua eta ohiturak ekarriko dituzte Gipuzkoako kostaldeko herri honetara, bihar hasi eta larunbata bitartean, Arrosategia parkean egingo dituzten V. Erromatar jardunaldiek. Tailerrak eta jolasak izateaz gaiz, aurtengo edizioaren muina antzerkian oinarrituko da, zehazki «Barduliarrak» izeneko lanean.

Bi emanaldi izango dira, bihar euskarazkoa, eta larunbatean gaztelaniazkoa. Biak ala biak 19.30ean. Patxi Santamariak zuzendutako antzerki lanak aurrekoari jarraipena ematen diola azaldu zuen: «Iaz abeltzaintza nahiz ehiza kontatu genituen, eta aurten etxe barruko usadioak ekarriko ditugu: uraren erabilera, sukaldearen trikimailuak...». Egiazko gertaerak islatzeaz gain, beste «lizentzia» batzuk hartzea ekidinezina dela gaineratu zuen, eta hala, apustuak, maitasun nahiz gorroto istorioak ere antzeztuko dituztela.

Eszenografiarako erabilitako jantziak, tresnak eta bitxiak egiazko datuetan oinarrituta daude, eta duela bi mila urte inguruko garaietara bidaia egiteko lagungarriak dira. Zentzu horretan, Juanjo Aranburuk, Zarauzko Arte eta Historia Museoko zuzendariak, gogorarazi zuen jardunaldien barruan Santa Maria la Real aztarnategia hobeki ezagutarazteko bisita gidatu bereziak antolatu dituztela. Parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea 943 83 52 81 zenbakira deituz.

11.00etatik aurrera txikiei zuzendutako ekintzak izango dira, eta 17.00etan, ehiza eta arkitektura erakustaldiak. Halaber, Ekainberriko kide batek, makilez baliatuta sua egingo du. Eguna biribiltzeko barduliar burduntzian arkumea erreko dute, 20.30ean dastaketa egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo