Aldaketa asko Aspen eta Asegarcen
Agur goiztiarregiak
Sasoi betean egon arren, Xabier Galartza eta Mikel Belloso izan dira beren enpresetan ez dutela jarraituko jakiten azkenak. Bizkaitarrekin gertatzen ari dena argigarria izan daiteke egoera ulertzen saiatzeko.
Asier AIESTARAN
Aurreko ostiralean Zarautzen Asperekin bere azken partida jokatu behar zuela-eta, irratian egin zioten elkarrizketa batean, halaxe onartu zuen Xabier Galartzak erdi brometan erdi serio: azken hilabeteetan Aspek eta Asegarcek kontraturik gabe utzi dituzten pilotari bizkaitarrekin enpresa txiki bat sor daitekeela. Lagunarteko komentario soila dirudien arren, azkenaldian enpresa handiek erakutsi duten joera aztertzeko oin egokia ere izan liteke.
Izan ere, hiru hilabete eskasean, adinez eta sasoiz profesionaletan jarraitzeko batere arazorik izan beharko ez luketen hiru pilotari bizkaitarrek agur esan behar izan diote gorengo mailan jokatzeari. Galartza VI.ari gertatu bezalaxe, horixe izan da Asier Berasaluzeren eta Xabier Urberuagaren kasua.
Deigarriena, agian, hiru pilotarion adina eta ibilbidea da. Xabier Galartzak 30 urterekin utzi behar izan du Aspe, azken urteotan bere enpresa izan dena, eta Lehen Mailan egonkortzea lortu ez duen arren, Bigarren Mailako hiru final jokatu ditu: bi aldiz Buruz Burukoa (2005 eta 2007) eta behin Binakakoa (2007).
Xabier Urberuagaren kasua ere nahikoa antzekoa izan zen. Atzelari aulestiarrari 29 urte bete berriak zituenean eman zioten baja, eta bere garaipen zerrendan Bigarren Mailako bi txapel ageri dira: Buruz Burukoa (2007) eta Binakakoa (2009). Gainera, iaz bertan Lehen Mailako Buruz Buruko Txapelketan final-zortzirenetan sartzeko gai izan zen Julen Retegi eta Aritz Begino kanporatuta.
Baina denetan harrigarriena Asier Berasaluzeren kasua izan zen. Aurrelari berriztarrak Bigarren Mailako bi txapel irabazi zituen profesionaletan emandako bost urte eskasetan -Buruz Burukoa (2006) eta Binakakoa (2009)- eta 27 urterekin geratu zen kontraturik gabe. Zale askoren irudipena zen, gainera, Bigarren Mailako aurrelari onentsuenetakoa zela bizkaitarra.
Denboran apur bat atzera eginez, halaber, aipatutako hirurei beste bi pilotari bizkaitarren agurra ere gehitu behar zaie. Aurreko udan Rober Uriarte izan zen kanpoan gelditu zena 23 urte oraindik bete gabe zituenean -afizionatu mailan jokatzen ari da gaur egun-, eta urte amaieran Imanol Agirrek eskegi zuen gerrikoa 33rekin, nahiz eta azken honen kasuan ibilbidea askoz ere luzeagoa izan.
Batzuk joan eta besteak etorri
25 urte baino ez dituen Mikel Bellosoren agurra ere ezagutu berri dugun honetan, badirudi enpresen jarrera aldatzen ari dela azken urteetan. Debuta egin eta hiruzpalau urtetan Lehen Mailara argi iristen ez den pilotariak gero eta zailagoa du kontratua berritzea, bere ordez beste gazte bati ematen zaiolako aukera segituan. Gazteen alde egitea dela irudituko zaio zenbaiti, baina beste askoren ustez pilotari debutatu berriek jendearen artean sortzen duten ikusmina ekonomikoki ustiatzeko modua baino ez da, bakoitzaren joko-maila alde batera utzita.
Bizkaitarren kasuari helduta, adibidez, batzuk joan bezain laster etorri dira besteak. Asperi dagokionez, Ibai Perez sestaoarra eta Iñaki Larrinaga elorrioarra izan dira azken urtean debuta egin dutenak. Asegarcen, berriz, Mikel Urrutikoetxea zaratamoarra, Ibai Zabala berriztarra edota Iñaki Iza zornotzarra izan dira profesionaletara heltzen azkenekoak.
Pilota mundua zertxobait jarraitzen duen edonork daki gaur egun hiru partida mota bakarrik daudela jendearen arreta sorrarazteko modukoak: txapelketa ofizialetakoak, udako torneoetakoak, eta debutariak bere herrian edo inguruan jokatzen duen jaialdietakoak. Aurreneko bi kasuetan protagonistak betikoak izaten direnez, Lehen Mailako «figura» izendapena jasotzen duten dozena hori, esan liteke gainontzeko 30-35 pilotarien artean arrakasta gehien dutenak heldu berriak direla.
Burlata
Cabrerizo II.a 12 / Merino 22; Irujo-Beroiz 18 / Gonzalez-Barriola 22.
Babilafuente-Salamanca
Mendizabal-Albisu 20 / Diaz-Oteiza 22.
Vitigudino-Salamanca
Lemuno-Iza 19 / Rico IV.a-Eskudero 22; Olaetxea-Zearra 22 / Urrutikoetxea-Peñagarikano 25.
Biarritz
Urrezko eskularrua, Master Jaiko finala: Goikoetxea-Enbil 35 / Beaskoetxea-Irastorza 29.
Donibane Lohizune
Challengearen finalerdia: Erik-Arriola 15 / Lander-Irastorza 25 / Lekue-Mugartegi 12 / Bereikua-Ibon 18.
Goizueta
O.Apezetxea-Zubiri 25 / Azpiri-Aretxabaleta 22; Ansotegi-J.Madariaga 25 / Narbarte-Lopez 9; Zabaleta 20/ Sukia 22.
Antigua-Donostia
Final-laurdenak. Jubenilak: Gailurralde-Jaka 22 / Rezusta-Arratibel 14; 22 urte azpikoak: Ansotegi-Joseba Madariaga 22 / Ibai Jauregi-Peñas 9.
Galarreta-Hernani (16.00)
Etxabe II.a-Barrenetxea IV.a / Matxin VI.a-Gaztelu; Buruz Buruko Txapelketa: Juaristi / San Miguel; Zeberio II.a-Ion / Urtasun-Urrutia I.a; Etxeberria IV.a-Olazar / Agirresarobe-Zubizarreta.
Maule (22.00)
Beaskoetxea-Felix / Erkiaga-Alliez.
Antigua-Donostia
Final-laurdenak. 22 urte azpikoak: Ezkurdia-Lukin / Apezetxea-Zubiri; Lehen Mailakoak: Azpiri-Landaburu / Atxotegi-Castillo.
Galdakao (11.30)
Iglesias-Pagaza / Aitor-Raul.
Hiru hilabete eskasean, adinez eta sasoiz profesionaletan jarraitzeko batere arazorik izan beharko ez luketen hiru pilotari bizkaitarrek agur esan behar izan diote gorengo mailan jokatzeari. Galartza VI.ari gertatu bezalaxe, horixe izan da Berasaluze IX.aren eta Urberuagaren kasua.
Gazteen alde egitea dela irudituko zaio zenbaiti, baina beste askoren ustez pilotari debutatu berriek jendearen artean sortzen duten ikusmina ekonomikoki ustiatzeko modua baino ez da, bakoitzaren joko-maila alde batera utzita.