Asteartean desagertu zen gizonaren hilotza aurkitu dute Lagranen, helikoptero bidez
Yuri Agirre | LAGRAN
Astearte gauean desagertu zen 63 urteko gizonezkoaren gorpua aurkitu zuten atzo arratsaldean Lagranen, Araba eta Errioxaren arteko mugan. Bilaketa lanetan parte hartzen ari ziren helikopteroek atzeman zuten desagertuaren gorpua.
Lakuako Barne Sailak adierazi zuenez, gizonaren ibilgailua eta bere bastoia atzo goizean aurkitu zituzten, Lagranetik gertu dagoen mendi-bide batean. Horren ondorioz, Araba eta Errioxa banatzen dituen Kantabria bailaran ibili ziren bilatzen, autoa aurkitu zuten inguruetan, hain zuzen ere.
Asteartean, 63 urteko gizona ostera bat egiteko asmoz mendira joan zen, bakarrik. Gaueko hamaiketan, artean ez zela etxera itzuli ikustean, familiakoek Poliziari deitu zioten. Senideek adierazi zutenez, «ingurua ongi ezagutzen zuen, ia egunero txango bat egitera edota perretxikoak biltzera irteten baitzen desagertu zen inguruetara».
Hildakoa Euskal Herriko Unibertsitateko matematika irakasle ohia zen. Bilbon bizi bazen ere, erretiratu zenetik bera jaio zen herrian, San Vicente de la Sonsierran, hain zuzen ere, «denboraldi luzeak» ematen zituen.
Laguardiako polizia etxeko ertzainek astearte gauean bertan abiarazi zituzten bilaketa lanak, baina haren zantzurik aurkitu ez zutenez, atzo goizean berriz ekin zioten bilatzeari. Atzo 09:00ak aldera, ordea, desagertuaren ibilgailua aurkitu zuten. Ondorioz, arakatu beharrekoa eremua murriztu eta Araba eta Errioxa banatzen dituen Kantabriako mendilerroan hasi ziren buru-belarri gizonezkoaren bila.
Hala, ordu batzuk geroago, EHUko irakasle ohiaren bastoia aurkitu zuten ertzainek.
Bilatze lanetan, Ertzaintzaren eta Guardia Zibilaren helikoptero bana ibili ziren polizia autonomikoaren patruilekin, Arabako Diputazioko basozainekin eta txakur talde batekin batera, eta horiek guztiek Lakuako larrialdietarako zerbitzuetako teknikari baten gidaritzapean jardun zuten.
Atzo arratsaldean, Ertzaintzaren helikoptero batek aurkitu zuen katedradunaren hilotza Araba eta Errioxaren arteko mugan. Gorpua bastoia aurkitu zuten tokitik metro askotara egon ez arren, «Cruz del Castillo» oso inguru malkartsua izanik, asko kostatu zaie erreskate taldeei hilotza ingurune arrokatsutik ateratzea.
Beste desagertu bat apirilean
EHUko irakasle ohia ez da azken hilabeteetan Kantabriako mendilerroan desagertu ondoren hilda agertu den pertsona bakarra. Pasa den apirilaren 28an, 148 egun desagertuta zeramatzan gizonezko bat aurkitu zuten Arabako mendilerro arrokatsu horretan. 62 urteko gasteiztar batena zen gorpua, eta aurkitu zuten unean «deskonposizio fase aurreratuan» zegoen. Alzheimer gaitza zeukan, senideek jakinarazi zutenez.
Apirilaren 28ko arratsaldean, bide arruntetik aldendu zen mendizale batek aurkitu zuen haren gorpua. Antza denez, bidetik kanpo motxila bat ikustean bertara gerturatu eta 62 urteko gasteiztarraren hilotza aurkitu zuen mendizaleak.