GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Txingudiko badia, folk doinuekin kulunka

Hemen dugu dagoeneko Bidasoa Folk jaialdia, aurten hamar urte betetzen dituena. Gaur Hondarribian abiatu eta etzi Irunen bukatuko den festak molde ezberdineko zortzi talde dakartza plazara, eta doan. Hizkuntza aniztasuna izango da entzungai eta bertan parte hartuko duten talde guztiek herri musikan dituzte sustraiak.

p048_f01_203x156.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Txingudiko badiako Bidasoa folk jaialdiak hamar urte beteko ditu aurten, besteak beste, Joao Afonsoren doinu gozoekin bete ere. Folk festa gaur abiatuko da Hondarribian eta bihar eguna Hendaia partean igaro ostean, Irunera helduko da igandean. Bidean makina bat hizkuntza eta erritmo erabiliko ditu, egitarau zaindu eta oparo baten bitartez.

Hondarribian, Ziriko, Joao Afonso eta Urbalia Ruranak joko dute gaur. Lehenak, San Pedro kalean, 19.30ean eta, gainerakoek, Arma plazan, 21.00etatik aurrera.

Kiriko taldea 1.989an Astigarragan sortutako txalaparta eta kirikoketa hirukotea da. Kirikoketa sagardoa egin ondorengo festa bat omen zen, sagarren muztioa upeletan sartutakoan ospatzen zena.

Joao Afonso, berriz -ez okertu Jose Afonso portugaldarrarekin-, Mozambiken jaiotako musikaria dugu eta, egun, Portugalen bizi bada ere, afrikar kutsua gordetzen du bere musikan. Nazioarteko lankidetza franko egin izan ditu, eta aspaldian espainiar musikariekin batera musika jotzen dihardu. Azken lana, «Um redondo vocabulo» du, 2009koa. Eta jarduna itxiko duen Urbalia Rurana orain hamar urte Valentzian sortutako taldea da, Mediterraneoko kresala dakarrena.

Behin dantza gogoa sortuta, jaialdiak Hendaian jarraituko du larunbatean, 21.30ean hasita, Gaztelu Zahar frontoiko hitzordu hirukoitzarekin, bertan joko baitute Leila Negrauk, Mayra Andradek eta Lord Sassafras disko jartzaileak.

Leila Negrau Réunion uharte urrunetik dator, Indiako Ozeanoaz bestaldetik, eta «energia eta gozotasunaren nahastura trebearen fruitua da», jaialdiaren antolatzaileek idatzita utzi dutenaren arabera. Besteak beste, Cesaria Evora, Bebel Gilberto, Youssou N'Dour eta Carlinhos Brown sonatuentzat ireki ditu zuzenekoak, eta «Oumassik» da bere azken lana, bluesaren pareko den maloya erritmoaren adierazgarri.

Mayra Andrade ere Afrikatik dator, Cabo Verdekoa baita, Kuban jaio eta egun Frantzian bizi bada ere. Hogeita bost urteko neskato fina gazte hasi zen kantuan, eta «Navega» debutaren ostean, 2009ko «Storia, Storia» du bigarren lana, Ale Siqueira brasildarrak ekoiztua -Marisa Monte, Arnaldo Antunes edota Caetano Velosorekin lan egindakoa-.

Hendaiako festa Jorge Gayoso Borrell zaragozarrak itxiko du, Lord Sassagras disko jartzaileak, 30 urte world music deitzen denaren doinuak zabaltzen daramatzana.

Musika zelta

Doinu zeltek itxiko dute jaialdia igandean Irunen. Bertan izango dira Gwennyn eta Altan, Euskal Jai frontoian, 20.00etatik aurrera.

Gwennyn bretoia da -bretoieraz, frantsesez zein ingelesez kantatzen du-, iazko «Mammem» du azken lana eta boskotean joko du, Philippe Turbin teklatu- eta akordeoi-jotzaile, Patrick Boileau bateria-jotzaile, Stephane Rama baxu-jotzaile eta Pierre Bloch arrabita-jotzailearekin batera.

Eta boskotea da Altan taldea ere -datorren asteazkenean, abuztuak 25, Bilboko Aste Nagusian ere joko dute, Plaza Barrian-, Irlandan sona handia duena. Duela hogei urtetik hona irlako ipar-mendebaldeko musika zelta darabilen taldeak, Donegalekoak baitira, Mairead Nimhaonaigh du buru. Dozena bat lan dituzte argitaratuta, eta jada urtetxo batzuk badituen lana, «Local Ground», dute azken emaitza.

Zortzi talde eta makina bat herri musika ezagutzeko aukera izango da, hortaz, Bibasoa Folk jaialdiaren 10. urtemugan, doako zuzenekoetan.

Fitxa

Hondarribia: GAUR,

19.30. Kiriko (San Pedro kalea).

21.00etan Joao Afonso + Urbalia Rurana (Arma plaza).

Hendaia: BIHAR,

21.30. Leila Negrau + Mayra Andrade + Lord Sassafras Dj (Gaztelu Zahar frontoia).

Irun: ETZI,

20.00. Gwennyn + Altan

(Euskal Jai frontoia).

www.bidasoa-txingudi.com

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo