Bilboko Aste Nagusia
Bilboko Aste Nagusiko musika festa, etxekoena eta emakumeena
Urtero legez, musika gune ezberdinak ondo osatuta dator Bilboko Aste Nagusia, eta eskaintza zabala da hirian zehar barreiatutako oholtzetan, kopuruari dagokionez. Alta, krisia dela medio, itzal handiko izarrez edo jakin-mina pizten duten izenez urri sumatu dugu. Onerako, berriz, etxeko talde ugari aurkitu dugu egitarauan, emakumeen presentzia esanguratsua eta elkarlan aipagarriak. Gainera, ezin ahaztu konpartsen eskaintza amaigabe eta nekaezina.
Anartz BILBAO | BILBO
Donostian jaiak amaitzear direnean, Bilboko Aste Nagusia hasiko da bihar. Eta urteroko eredu edo eszenatoki berak aurkezten dituen arren, ez dugu aurkitu iraganean besteko izen handirik bertara hurbilduko diren artisten artean -krisia da aitzakia, akaso-. Beraz, ez da ziur asko besteetan bildu den jendetzarik batuko Botika Zaharrean esaterako, nahiz eta, beti bezala, Bizkaiko hiriburuak parrandazale ugari erakarriko dituen. Alta, artista interesgarriak eta elkarlanak aurkituko ditugu nonahi eta, asko, bertako musikarien artekoak. Gainera, lehen begiratuan emakumeen presentzia inoiz baino esanguratsuagoa begitandu zaigu.
Orriotan Aste Nagusiko musika eskaintza aztertzeko orduan, Arriagako berbenak, Pergolako bilbainadak zein Enkarnazio elizako zuzeneko klasikoak alde batera utziko ditugu, begirada lau gune nagusitan finkatzeko. Batetik, izen sonatuenak jasoko dituen Botika Zaharra -artista asko Donostiako Saguesetik datoz hona-, eta elkarlan interesgarriak jasoko dituen Abandoibarra. Bestetik, Plaza Barriko gune txukun eta kutuna, sustraidun musiken erakusleiho bihurtu eta giro magikoa hartu ohi duena; eta ezinbesteko dugun Bertako Pop Rock oholtza -aurten Bilborock aretoa berreskuratu dute-, Euskal Herriko talde gazte eta berriei irekia.
Kontuan hartu gainera, egitarau ofizialetik kanpo ere ekitaldi andana izango dela egunotan Bilbon nonahi; asko konpartsen eszenatokietan, batzuk 7 Katu gaztetxean, Kafe Antzokiko egitarau sendoan edota Guggenheim Museoan -jazza jasoko du asteartetik ostiralera, lau gauez- eta tarteka iragarpenik gabe, gorputzak eta eztarriak eman ahala.
Botika Zaharra da oholtza guztietan nagusiena, eta artistarik garestienak jasotzen dituena. Aurten bilbotar talde batek, Dr. Deseok irekiko du -«Cartografia imposible» aurkezteko-, eta Donostia Piratekin batera abordatu duen Bebek itxi, datorren larunbatean. Extremadurako neskatoaz gain, etzi kantatuko duen Loquillo edo asteartean, abuztuak 24, txanda duten Los Suaves eskarmentudunek -Obus heavy taldearekin batera joko dute- ere Donostiako jaietan jo dute.
Dagoeneko aipatu ditugunez gain, astelehenean Marta Sanchez bakarlariak kantatuko du, eta ostegunean beste ilehori bat izango da Botika Zaharrako erregina, Kate Ryan -bai, «Ella Elle L´a» astunarekin sikatu gintuen bera-. Belgikarrak «French Conection» lan berria aurkeztuko du Bilbon, eta aurtengo Aste Nagusian izango den nazioarteko artista entzutetsuena izango da, ziurrenera. Bukaerarako bi talde utzi ditugu. Bata, Tribute U2 Tv, izenak esaten duen legez, irlandar taldea omenduko duena asteazkenean -benetakoak Donostian izango dira irailaren 26an- eta Electric Light Orchestra, bestea. ELOk ostiralean joko du 70eko hamarkadatik dakarren rock sinfonikoa, Jeff Lynne buru dela, zale helduen pozerako.
Hiriaren erdigunerantz eginda, Abandoibarran Danza Invisible aspaldikoak eta sona lortu berri duen La Bien Querida atsegina aurkituko ditugu astelehenean, eta aurkezpenik behar ez duen El Consorcio taldea asteartean, Iralabarriko abesbatzarekin.
Astea La Guardia eta gaztetxoen talde kutun Melocosek irekiko dute (ostiralean ere nerabeen txanda izango da, Sergio Contrerasekin -Barakaldoko El Hombre del Tiempo hirukoteak lagunduko du-), eta astearte zein asteazkenean oholtzako elkarlan interesgarrienak izango ditugu. Batetik, Estrella Morente flamenko kantariak -Enrique maisuaren alabak- Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin egingo duena, eta, bestetik, Presuntos Implicados-eko abeslari ohi Sole Jimenezek Bilboko Bandarekin egingo duena, latin jazz klasikoak abesteko. Eta oholtza Gose trikitronik hirukoteak eta Mikel Urdangarin bakarlariak itxiko du larunbatean.
Aste Nagusiak hiriaren bihotzean du oholtzarik hurbilena baina, Plaza Barrian, munduko soinu aberastasunaren erakusleiho. Bihar, jamaikar doinuak jasoko ditu, Earl Sixteenen ahotsetik, eta aljeriarrak etzi, Kamel El Harrachik kantatuak -«Ghana Fenou» aurkeztuko du-. Etxekoagoa da astelehenekoa, baina berezia hau ere, Oskorrik ikuskizun berria plazaratuko du-eta.
Ostera, Karibe epelean, Alain Perez eta bere orkestra kubatarraren txanda da asteartean, eta musika zeltarena asteazkenean, Altan irlandarrek emana, eta flamenkoaren ordezkari, Moraito eta Fernando de la Morena jereztarrak izango ditugu ostegunean.
Berriro etxekoen txanda izango da ostiralean, musikari gaskoin eta euskaldunez osatu Xarnegek hartuko baitu plaza. Eta larunbatean, adi itxierari, Frantziako Captain Mercierren soul zoroarekin.
Bertako talde gazteenei tokia egiten dien oholtza aipatzeko, gogorarazi beharra dugu Unamuno plazatik Bilborockera eta hemendik Bailen kalera egin ostean, hitzordua Bilborock aretora aldatu dutela berriro.
Erakustaldian hamalau taldek parte hartuko dute, bi iluntzero, musika tankeraren arabera antolatuak. Metraia eta Porco Bravoren suak emango dio hasiera rock & roll festari, eta igandea metal soinuena izango da, Evil Seeds eta All Reasonsekin.
Bilborock
Astelehenean Last Fair Deal eta The Sulfatorsen hard rocka entzungo da Bilborocken eta, asteartean, Autostereo eta Eightmanen pop doinu melodikoagoak. Aurtengo Aste Nagusian asteazkena beltza denez, punk rockaren txanda dugu Bilborocken, Elfo negro eta Vinagre protagonista direla, eta osteguna ere antzera dator, Ultimo Dia eta Gora Gora Kids (kasu!) taldeen garajearekin.
Amaitze aldera, ostiralean Horn of the Rhino eta Meidok joko dute, rock metala. Eta larunbatean, oholtza mututzeko, The Qüibblesek eta The Extended Plays taldeek power popa -biak ala biak Bilbo Hiria lehiaketan iaz saria lortutakoak-.
Botika Zaharra (0.00):
Dr. Deseo (bihar) + Loquillo (etzi) + Marta Sanchez (astelehena) + Los Suaves eta Obus (asteartea) + Tributo a U2 Tv (asteazkena) + Kate Ryan (osteguna) + Electric Light Orchestra (ostirala) + Bebe (larunbata).
Abandoibarra (23.30):
Danza Invisible eta La Bien Querida (bihar) + El Consorcio eta Iralaberri Korala (etzi) + Melocos eta La Guardia (astelehena) + Estrella Morente eta BOS (asteartea) + Sole Jimenez eta Bilboko Banda (asteazkena) + Igor Yebra eta LNOBT (osteguna) + Sergio Contreras eta El Hombre del Tiempo (ostirala) + Gose eta Mikel Urdangarin (larunbata).
Plaza Barria (23.30):
Earl Sixteen (bihar) + Kamel El Harrachi (etzi) + Oskorri (astelehena) + Alain Perez y su Orquesta Cubana (asteartea) + Altan (asteazkena) + Moraito eta Fernando de la Morena (osteguna) + Xarnege (ostirala) + Capitain Mercier (larunbata).
Bilborock (20.00):
Metraia eta Porco Bravo (bihar) + Evil Seeds eta All Reasons (etzi) + Last Fair Deal eta The Sulfators (astelehena) + Autostereo eta Eightman (asteartea) + Vinagre eta Elfo Negro (asteazkena) + Ultimo Dia eta Gora Gora Kids (osteguna) + Meido eta Horn of the Rhino (ostirala) + The Extended Plays eta The Qüibbles (larunbata).
Bilboko Aste Nagusia aipatuta, ezin ahaztu konpartsek duten gaueroko egitarau potoloa, bakarka edo guneka.
Guneak aipatzen hasita, Pirata guneak -bihar Emons eta Early Reflexionsen reggae doinuak jasoko ditu- Komantxe eta Zaratas konpartsak hartzen ditu, Triangunek Mekauen, Bizizaleak eta SinKuartel; Kulturgunek Altxaporrue, Txinbotarrak eta Satorrak eta Euskalgunek Txori Barrote, Eguzkizaleak, Hau Pittu Hau eta Abantek osatzen dute. Hauetan, ekitaldi batzuk baino ez aipatzearren, Triangunek, etzi, Distrito Suicida eta Lauhareale taldeak aurkeztuko ditu, eta Kulturgunek, egun berean, Itziarren Semeak eta Feos pero Majos adar jotzaileak; biharamunean, berriz, Siroka eta The Real McKenzies `eskoziar' punk-folk taldearen jardun zoroa. Euskalgunek, bestalde, irlandar gaua du igandekoa, eta Ze Esatek! zein Bilbomatikekin parrandarako gonbita egingo du ostegunean.
Beste konpartsa batzuk bakarka jartzen dute oholtza. Famatua da, esaterako, Pinpilinpauxaren eszenatoki umoretsua (besteak beste, Las Chancletes eta Las Felini izango dira bertan). Kaskagorrik ere talde andana ditu egitarauan: The Kluba (igandean), Esne Beltza (astelehenean), Estricalla, Surkin Kaos eta Governors (asteartean), Vendetta eta Hesian (ostegunean)... Pa... Ya eta Askapeñak (batera), Txomin Barullok, Aixe-Berrik, Tintigorrik eta Uribarrik ere badituzte kontzertuak. GARA