Ixabel Etxeberria | Irakaslea
Besarkada bat, Ion
Eva lehendakari!». Hau da Europe Ecologiek saldu digun azken berria. Eva Joly epaile ohiak jantzia gustukoa duela dirudi; Cohn Benditek tokia uzten dio, aitortzen baitu berantegi dela harentzat. Ez du erraten horretaz ez zuela ametsik egin! Duela urte gutxi, europar hauteskundeen karietara sortu koalizioak bere bidea egiten du PSFren egoera miserablea baliatuz. Gaur egun, presidentearen aurrean fitxak mugitzeko garaia heldu da, Sarkozyren politikaren aldean alternatibak badaudela errateko, ezkerrarentzat politika berri bat posible dela aldarrikatzeko. Nantes-en bildu dira EEkoak; Rama Yade ere gomitatu zuten, UMPko jendeari irekiak direla irudikatu nahian edo. Hau ez zen denen gustukoa izan eta, erreakzioa ikusiz, Cohn Benditek azaldu zuen ez zela segur parte hartuko ote zuen, gomitaren ideia berea zitekeelakoan edo. Azkenean han izan da, komunikabide guztietan agertuz, gustuko duen bezalaxe! EE koalizio anitza da, iturri desberdinetako jendea biltzen duena. Adostasun batera iritsi da; Jolyren gibelean kokatzeko prest dela ematen du. Programari dagokionez, dena egitekoa da. Bi urte falta dira -ez da lan makala- lehenik programa adosteko, Cohn Bendit antikapitalistekin adosteko adibidez, baina nahi izatekotan, denbora nahikoa dute. Negoziaketen ondotik, talde berriak liberalismoarekiko jarrera argia azalduko al du? Euskal Herriarentzat askatasun bideak irekitzen laguntzeko prest izanen al dira? Autodeterminazio eskubideari buruz zer erranen dute? Eztabaida zailak iragarriak dira. Alderdi Sozialistak ez du horren aurrean mugimendu handirik egin. Oporretan izanen da... Edo burua ezin altxatuz?
Bitartean Euskal Herrian gertakari bortitzak iragan dira. Lehenik ijitoak kanporatzeko egin diren mugimenduak. Paristik ehunka rom herritar kanporatu dituzte, Errumaniara itzuliz. Desegin dituzten auzoak nazkagarriak ziren noski; kanporatu dituztenak pertsonak dira, baina etxetik bota dituzte, negoziaketarik gabe. Horrez gain, kanporatzeak hedatu nahi izan dira eta hemen Angelun kokatu ziren ijitoek epaileen babesa behar izan dute. Desberdinki bizi direnen kontra iritziak jartzeak ez ditu gizartearen arazoak konpontzen, baina arreta beste leku batzuetan kokatzen du. Hautetsi guztiek dakite herriek ez dutela legea betetzen kanpatzeko lekurik uzten ez dutelarik! Kasu horretan zigorrik ez dago legea betetzen ez duenaren aurka! Kanpatzeko lekuen Departamendurako mapa prest omen dute. Noizko martxan?
Ion Telleria kanporatu dute. Behingoz frantses prentsa digitalean gaiari buruzko artikulu dezente bat irakurri ahal izan da. Hain gutxitan gertatzen da, ezen merezi baitu aipatzea. Honetaz alderdiek ez diote deus. Denek dakite gertakizun politiko hutsengatik sartu dutela preso Jon. Beste asko bezala! Kartzelatze honek txundiarazteko indarra du! Ihardukitze kemenak desagertu direla dirudi; behintzat frantses Estatutik keinuak bilatzen ditugu. Agian, Evak uhin berria, uholde izan daitekeena, ekarriko du!
Orain, negu bultzatzaile eta baikorra prestatzen hasiko gara. Oporrak bukatzear daude eta. Bitartean, besarkada bat, Ion.