GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Euskal unibertsoa deskribatzen duten soinu eta koloreak, sarean

2007 eta 2010 urte artean herriz herri ibili ostean, «Batekmila - Euskal munduak» multimedia erakusketa ibiltaria sarean da dagoeneko. Gainera, «guremunduak.com» guneari esker erabiltzaileak bere Euskal Herri «kutunaren» irudiak besteekin partekatu ahal izango ditu.

p043_f01_97x80.jpg

GARA | DONOSTIA

Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeak 2007an ekoiztu zuen «Batekmila - Euskal munduak» izeneko erakusketa ibiltaria, eta 2008an Unesco-ren babesa eskuratu zuen. Geroztik, han-hemen ibili da, Baionan, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, baita Parisen eta Bordelen ere. Orain, Interneti esker, euskal unibertsoa deskribatzen duen erakusketa ikusi ez dutenek horretarako aukera izango dute, sarean zintzilik baitaude bideo, soinu nahiz argazkiak. Euskal kultura eta nortasuna ardatz duten ikus-entzunezkoak gainera, bost hizkuntzatan eman dituzte, hots, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta katalanez, eta dagoeneko www.batekmila.net webgunean kontsulta daitezke.

Edukiak lau ataletan banatu dituzte. Lehenengoak «Euskal munduen kaleidoskopioa» proposatzen du. Bertan, erakusketa birtualean sartu berri den erabiltzaileak une horretan aurkitzen den herriaren soinu eta irudiak pixkanaka deskubritu ditzake. Webgunean azaltzen dutenez, «bisitaria sentimenezko abentura batean murgilduko da, euskal mundu garaikideengana».

«Topaketa kulturalak» eta «Euskal uhartedia, nortasun bizikidea» dira bigarren eta hirugarren atalak. Laugarren eta azken moduluan, hain zuzen, «Bidean» izenekoan, «11 zubi» izenburupeko bideoa topatuko du erabiltzaileak. Irudiok erakusketaren mezuen bilduma dira eta, besteak beste, erakusketa fisikoki bisitatu ondoren, jatorri ezberdinetako pertsonek utzitako mezuak eta sortutako irudi-kolaketak bildu dira. Emaitza, euskal munduen ikuspegi anitzak; hala islatzen dute bideoaren sarreran aipatzen diren hitzek: «Zubiek josten dute Euskal Herri zatikatua, Euskal herria ez baitute bi, lau edo zazpi zubik osatzen, milakak baizik. Hainbeste dira Euskal Herriak eta hauek josteko zubiak», dio bideoak hasieran.

Berritasun gehiago ere bada, izan ere, erakusketa osatzen duten edukiak handituz joango dira erabiltzaileek euren argazkiak zintzilikatu ahal izango baitituzte. Guremunduak.com gunean nahi duenak, argazkiz eta testuz, bere euskal mundu «kuttunaren» berri eman ahal izango du. Parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharra dago. Besteen irudiak komentatzeaz gain, preziatuenen alde bozkatzeko aukera izango da.

SARE SOZIALAK

Facebook-en bidez «Batekmila» eta «Gure munduak» guneetara lotura zuzena izateaz gain, euskal kulturaren inguruko albisteen berri emango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo