GARA > Idatzia > Euskal Herria

EUSKAL HERRIA JAIETAN

Elorzaren jai eredua ironiaz eta umore onez salatu dute piratek Irrikitaldian

Umorerik gabeko iraultza, gorringorik gabeko arrautzaren parekoa dela diote. Donostiako piratak, behintzat, irriak eta borroka uztartuz su artifizialak eta izozkiak oinarri zituzten festak altxorrez betetako jai herrikoi bihurtzen ari dira. Atzoko Irrikitaldian ere, umorea eta irudimena euskarri harturik, Udalaren festa eredua «barregarri» utzi zuten beste behin. U

Glamour-aren hiria, kulturaren hiriburua, izozkia janez su ikuskizun onenak ikus daitezkeen tokia, kanpoan den lagunari bidaltzeko postala... Hori omen da Donostia, edota, behintzat, hori da Odon Elorzaren marketin kanpainek saldu nahi duten produktua.

Donostiako Piratek, seigarren urtez, ironiaz hartu zuten «postaletako Donostia», hezur-haragizko bilakatu eta umore onez salatu zuten hiri eredu hori.

Aste Nagusiko azken ekitaldia izaten da piratentzat Irrikitaldia, eta aurten ere soineko do- toreek, aurpegi makilatuek, izozkiek, eta nola ez, Odon Elorza jaunak, ez zuten hutsik egin.

17.00etarako, Bulebarreko kioskora jantzi dotorez jantzitako gizon-andereak iristen hasiak ziren. Gomina potoak ilea orrazten gastatu zituzten gizonak ezpainak gorriz pintatutako emakumeei eskutik helduta zetozen Alde Zaharreko kaleetan barrena.

«Odonkamon Elorza»

Batzuei, smokingaren poltsikoetatik dolar billeteak ikusten zitzaizkien, soberan zituzten seinale argia. Ez ziren gainera, nolanahikoak: «Odonkamon Elorza» faraoiaren aurpegia zeramaten «zero patatero» balio zuten «United Estates of Donostiako» billeteek.

Kioskoko eskaileretan gora, berriz, «Donostiako Zinismoaldira» etorritako aktore famatuak zihoazen, nola ez, alfonbra gorria zapalduz.

Bulebarrean zebiltzan turistek, harrituta begiratzen zuten. «Zergatik daude denak dotore jantzita?», galdetu zuen batek.

Ileorde horiak eta soineko zuriak aktore ospetsu bihurtu zuten gazte batek argi zioen: «Luxuzko Donostiaren aurkako parodia bat da hau, Udalak irudikatu nahi duen jai eredu elitista barregarri utzi nahi duena».

Ohartzerako, Bulebarrak Miramar jauregiko goi burgesiaren bilkura baten itxura hartu zuen. Kalearen barrenetik zetorren sirena hotsak, Bulebarreko aristokraten arreta hartu zuen, norbaiten esperoan baitziren.

Zitak ez zien hutsik egin, eta udaltzain zintzo eta leialek babestuta, Odon Elorza handia agertu zen autoan, «herriko dirudunei hainbeste fabore egin dizkien berbera». Alkateak burua leihotik ateratzean, «Donostia kulturaren `kapital' bihurtzeagatik, edota agian, hirian kapitalaren kultura ezartzeagatik», euren esker ona adierazten hasi ziren guztiak: «Odon, Odon, Odon!» oihukatzen zuten. Honek, bere lagun onak agurtu, eta Santa Maria elizarantz abiatu zen «paseoaren» gidaritza hartu zuen.

Burges artean ziren izozki saltzaileek oparitutako izozkia eskuan eta espainiar komunikabideak inguruan, jende artean gustura zebilela zirudien «Odon jaunak». Txaranga batek lagunduta, eta udaltzainek bidea irekiz, minutu batzuen bueltan Santa Maria elizara iritsi zen «Odon alkate agurgarria» buru zuen kalejira.

Bertan, txarangaren musikak agerian utzi zuen Donostiako alkateak herria ondo gobernatzen ez ezik, musikaren erritmoaz gerria mugitzen ere bikain moldatzen dela.

Alkatearen dantza harroari, ordea, txistuekin erantzun zioten burgesez mozorrotutakoek. Amaitu zen Udalaren gezurretako hiria, burgesiarena, telebistan agertzen den glamour-arena.

Smokingen sakeletatik billeteak atera, eta «zero dolar» balio zuten billetei buelta eman zieten donostiar piratek. Beste aldean, bost hizkuntzatan idatzita, argi zioten billeteek: «Irri- kitaldia 2010: Donostiako luxuaren eta glamour-aren parodia, bestelako Donostia asko izan badirelako».

Kartzelako piratak gogoan

Gero, pirata batek hartu zuen mikroa. Pozarren agertu zen, urte askoren ondoren, gune fisiko bat lortu dutelako aurtengoan, La Flamenca. Horren ostean, «kartzelan dauden pirata guztiak» gogoratu nahi izan zituen, Aste Nagusi herrikoia beraiei eskainiz.

Hala eta guztiz ere, aurtengo Aste Nagusia ez dela orain bukatzen azaldu zuen, «irailaren hirugarren asteburuan baizik», Donostiako Udalak hainbeste traba jarri dizkien Egia auzoko Porrontxo jaiei erreferentzia eginez.

Jai herrikoien aldeko deiadarra bota, eta txarangaren musikaren atzetik joan ziren pirata mozorrotuak, astebete luzearen ondoren oraindik agortu gabe zituzten azken indarrak festa giroan xahutzera.

Yuri AGIRRE

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo