GARA > Idatzia > Euskal Herria

EUSKAL HERIA JAIETAN

Gaur hasi eta igandera arte, jaia izango da nagusi Elgoibarren

Festa Herrikoien Batzordeak nahiz Udalak antolatuta, ekitaldiz betetako San Bartolome jaiak ospatuko dituzte gaurtik hasita elgoibartarrek. Udalaren txupinazoa 13.00etan izango da, eta Festa Batzordearena, berriz, 18.00etan. Bestalde, jaiak ofizialki gaur hasiko badira ere, festari ezin itxaronda-edo, larunbatetik nabaria izan da herrian jai giroa. Txosnak, esaterako, herenegun ireki zituzten. Atzo, berriz, gaztetxearen urteurrena ospatu zuten herriko gazteek.

Yuri AGIRRE |

Ekitaldiz beteta datoz San Bartolome jaiak Elgoibarren. Txupinazoa gaur botako badute ere, festari ezin itxaronda-edo, larunbatetik nabaria izan da jai giroa herrian. Txosnak, esaterako, egun horretan ireki zituzten. Atzo, berriz, gaztetxearen urteurrena ospatu zuten gazteek.

Udalaren egitarauari dagokionez, gaur emango zaio festari ofizialki hasiera, 13.00ean udaletxetik txupinazoa botata. Jarraian, Mauxita txaranga ibiliko da Elgoibarko kaleetan giroa alaitzen. Arratsaldean, ostera, haurrentzako parkea izango da 16.00etatik hasita, Foruen plazan. Hala ere, eguraldiak lagundu ez eta euria egiten badu, haur parkea Sigman jarriko dute. 17.00etan, berriz, erraldoi, buruhandi eta zezen-zikleten kalejira izango da Alde Zaharreko kaleetan, herriko dultzaineroen eskutik.

Izango da, ordea, kirol ospakizunik ere San Bartolome jaietan. Izan ere, Elgoibar eta Anaitasuna futbol taldeek lagunarteko partida jokatuko dute 18.00etan. Eguzkia ezkutatu aurretik, 19.00ak aldera, kalejira izango da Oria txarangaren eskutik. Azkenik, gau partean, 23.00etan, Hor Konpon orkestrak kontzertua eskainiko du Foruen plazan.

Bestetik, Festa Herrikoien Batzordeak bere txupinazoa botako du. Hori 18.00etan izango da txosna gunean, «gune askean». Festa Batzordeko kide batek azaldu zuenez, «jai batzordeak oso bestelako jai eredua antolatzen du».

«Jaiak herritik, herriarentzat»

Batzordekoen iritziz, Udalak ez ditu jai parte hartzaileak antolatzen, ezta parekideak ere. «Gure ustez, herriak herriarentzat egin behar ditu festak. Gu jai eredu ez sexista, euskaldun eta parte hartzaile baten alde gaude, eta egitaraua horren baitan egin dugu». 18.00etako txupinazo herrikoiaren ostean, dantza egiten oso iaioak ez direnek eta sanbartolometan gerria ganoraz mugitu nahi dutenek, ez lukete gaizki egingo txosna gunera gerturatuz gero. Izan ere, 19.00etarako salsa ikastaroa antolatu dute. Gero, Elektrotxarangak Elgoibarko kaleak alaituko ditu.

Festa Batzordekoen ekitaldi guztiak txosna gunean edo gaztetxean izango dira, «gune askeetan». Argi utzi nahi izan dute horietan ez dutela jarrera sexista edo arrazistarik onartuko. «Erasotzaileak errekara!» dio «gune askeko» egitarauaren kartelak. Bestalde, gaztetxea festetan ere zabalik izango dela iragarri dute.

Jaien hasiera gaur izango bada ere, festa giroan egun batzuk lehenago sartu ziren elgoibartarrak. Larunbatean, esaterako, txosnetan Giza Proiektua eta Klabo Oxidado taldeek kontzertua eskaini zuten. Atzo, berriz, gaztetxearen urteurrena izan zen.

Elgoibarren sei gaztetxe izan direla gogoratuz, garai ezberdinetako argazkiak biltzen ibili dira azken asteetan gaztetxeko kideak. Horiekin, atzo, argazki erakusketa egin zuten gaztetxean. Gaztetxeko kide batek azaldu zuenez, «herriko jendeari urteetan gazte belaunaldi ezberdinek egindako ekintzak erakutsi nahi dizkiote honekin: erreka garbitzea, hiesaren aurkako kanpainak, bertso afariak eta abar luze bat». 80ko hamarkadaz geroztik izan diren egitasmoak bildu dituzte, beraz.

Bihar, San Bartolome egunez, herriko dultzaineroen dianarekin esnatuko da Elgoibar goizean goiz. 12.00etan, berriz, Haritz Euskal Musika Dantzari Taldeak eta Udaleko Txistularien Bandak 76. Soka Dantza eskainiko dute Foruen plazan.

Arratsaldean, punta-puntako pilota partiduak izango dira frontoian. Txosna gunean, berriz, Itaka eta Munlet taldeek kontzertua eskainiko dute 23.00etan.

«gune askea»

Festa Herrikoien Batzordeko kideek argi utzi nahi izan dute festetan ez dutela «jarrera sexista edo arrazistarik onartuko». «Erasotzaileak errekara!» diote argi eta ozen, «gune askea» den txosna gune ondotik pasatzen baita Deba ibaia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo